GARA Euskal Herriko egunkaria
OFIZIALTASUNA

EH Kirolak, Surf Federazioko presidenteari irmo: edo pausoak eman edo dimititu

Espainiako Kirol Lege berria indarrean sartu zenetik urtebete baino gehiago igaro denean, EHSF oraindik ez dago Nazioarteko Federazioan integratuta.

Ofizialtasuna aldarrikatzeko egindako agerraldi bat. (Raul BOGAJO | FOKU)

Euskal Herria Kirolak, kirol-diziplina guztien ofizialtasuna lantzen duen gizarte-erakundeak, ohar batean jakitera eman duenez, ofizialtasunaren bidean zein urrats egiten ari diren jakiteko eskutitz ireki bat bidali dio Ivan Zaldua Euskal Herriko Surf Federaziokoko lehendakariari. Idatzi horretan azpimarratzen duenez, erakundeak «ez du besterik ikusten: edo ofizialtasuna eskuratzeko bidean urratsak egin, edo, bestela, aurkeztu ezazu dimisioa!».

Jarrera hau azaltzeko zenbait datu eman ditu. Euskal Herria Kirolak «behin baino gehiagotan» adierazi du Euskal Herriko Surf Federazioa (EHSF) Nazioarteko Federazioan (ISA) sartuta egotea nahi duela, «gure surflariek nazioarteko lehiaketetan ofizialki parte har dezaten».

Gaineratu duenez, eskaera hau «oso sakon errotuta» dago Euskal Herriko surf munduan, eta gogoratu du «oso aspaldi» nazioartean ere aritu izan dela, «bestelako presioen ondorioz aukera hori bertan behera gelditu zen arte».

Gogoratu behar da 2018ko azaroan Nazioarteko Federazioan integratzeko eskaera egin zela eta, gainera, Espainiako Kirol Lege berriak aukera ematen duela euskal surfaren ofizialtasuna lortzeko.

Kirol Lege hori indarrean sartu zenetik urtebete baino gehiago igaro denean, «eta gure kirolaren ofizialtasuna legearen baldintzetan bete-betean sartzen bada ere», EH Kirolak azpimarratu du EHSF ez dagoela ISAn integratuta eta «oraindik gure kirolariek ez dutela aukerarik nazioartean ofizialki lehiatzeko». «Are larriago» deritzotena: «Oraindik ez dakigu ofizialtasun-eskaera horren egoera zertan den».

Kike Zurutuzak zuzentzen duen gizarte-erakundeak adierazi duenez, «hainbat bidetatik» saiatu dira informazioa biltzen, eta zehazkiago, EHSFko presidentearekin harremanetan jartzen saiatu dira, «ahalik eta lasterren informatzeko, ofizialtasuna zer egoeratan dagoen eta zer urrats egingo diren galdetzeko».

Hala ere, Euskal Herria Kirolak salatu duenez, Ivan Zalduaren erantzuna honakoa izan da: ez duela ofizialtasunari buruzko inolako azalpenik emango. Hala, kirol-diziplina guztien ofizialtasuna lantzen duen gizarte-erakundeak azken dei hau egin dio: «Ez dugu besterik ikusten: edo ofizialtasuna eskuratzeko bidean urratsak egin, edo, bestela, aurkeztu ezazu dimisioa!».