GARA Euskal Herriko egunkaria

Guillermo Merinok baldintzapeko askatasuna du, 24 urte preso igaro ondoren


Baldintzapeko askatasuna lortu du Guillermo Merino Bilbao Durangoko presoak, Etxeratek atzo jakinarazi zuenez. Honen ondorioz ez du espetxera itzuli beharko. Auzitegi Nazionalaren mendeko Espetxe Zaintzako epaile zentralak onetsi du erabakia.

Honekin bukatu du 24 urteko espetxealdia. Izan ere, 2000ko urtarrilean Basaurin atxilotu zuen Polizia espainolak, ETAren “Bizkaia komando”-ko kidea izatearen akusaziopean, eta harrezkero kartzelan egon da.

Valentziako Picassenten eman zituen gatibu urte asko, kondizio gogorretan. Esate baterako, 2017. urtean oraindik 20 orduz itxita edukitzen zuten ziegan, astean bost minutuko zortzi telefono dei besterik ez zituen, postaz bi gutun baino ezin zituen jaso... Haren senide eta lagunek 1.200 kilometro inguru egin behar zituzten joan-etorrian, 40 minutuko bisita egin ahal izateko.

2020. urtean Euskal Herrira hurbildu zuten lehenbiziko aldiz, Picassentetik Zaragozako Zuerara eramanda. Eta urtebete geroago Euskal Herrira ekarri zuten azkenik. Basaurin igaro du espetxealdi luze honen azken zatia. Hirugarren gradua eskuratzea izan zen Merinoren kaleranzko hurrengo urratsa, 2023ko otsailean erdietsia, eta orain baldintzapeko askatasuna heldu zaio.