GARA Euskal Herriko egunkaria
ATHLETIC

Jokin Aranbarri, Eibartik Bilbao Athleticera bidean

39 urteko entrenatzaile azkoitiarrak Bigarren RFEF Mailara igo du CD Vitoria taldea, eta Carlos Gurpegi ordezkatzeko hautagai nagusia da.

Jokin Aranbarrik 2016tik lan egin du Eibarren harrobian. (@SDEibar)

Oraindik Athleticek ofiziala egitea falta den arren, zenbait hedabidetan ziurtzat jo dute Jokin Aranbarrik zuzenduko duela Bilbao Athletic hurrengo denboraldian. Argi dagoena da, behintzat, 39 urteko teknikari azkoitiarrak ez duela Eibarren jarraituko. Izan ere, talde armaginak atzo baieztatu zuen Eibar uztea erabaki duela.

Entrenatzailea izan aurretik, Aranbarri futbolaria izandakoa da eta Bizkaiko talde batzuetan jokatu zuen aurrelari moduan. Besteak beste, Sestao River, Lemona, Amorebieta, Barakaldo eta Portugalete taldeetan aritu zen. 2016an hasi zen Eibarren harrobian lanean, eta gaur egun Athleticen kirol zuzendaria den Mikel Gonzalezekin lan egindakoa da. Kadete mailako taldeak entrenatzen hasi zen eta ondoren gazteen mailako taldea zuzendu zuen. Azken hiru denboraldietan CD Vitoriaren entrenatzailea izan da, eta Bigarren RFEF Mailara igotzea lortu du ikasturte honetan. Hain zuzen ere, Athleticen hirugarren taldea den Basconiaren multzoan liga irabazi du, eta zuzenean igotzea lortu du.

Bittor Llopis eta Iraia Iturregik zuzentzen duten Basconia, berriz, igoera faseko kanporaketak jokatzeko sailkatu da.

Carlos Gurpegik ez zuela Bilbao Athleticen jarraituko ezagutu zenean, bere ordezkoa Llopis izan zitekeela zabaldu zen. Hala ere, badirudi Lezamako kirol arduradunek Aranbarriren aldeko apustua egingo dutela. Lehoikumeek Lehen RFEF mailan jokatuko dute datorren denboraldian, igoera lortu eta gero.

Halaber, Aranbarri bakarrik iritsiko litzateke Lezamara eta Gurpegiren lantaldearen laguntza izango luke hurrengo ikasturtean. Ander Murillo izan da bigarren entrenatzailea azken sasoian, eta Armando Ribeiro arduratu da atezainen prestakuntzaz.

ATZEKO LERROA

Bestalde, atzo Lezaman egindako lan saiotik albiste pozgarriak iritsi ziren, Vivian eta Egiluz erdiko atzelariek gainerako taldekideekin batera entrenatu baitzuten. Yeray eta Paredes zigorturik daude, eta postu horretan jokatzera ohituta dauden plantillako jokalari bakarrak dira. Vivianek ezin izan zuen azken partida jokatu bizkarreko minez, eta Egiluzek, aldiz, orkatila minduta dauka.

Jokatu ezingo balute, Ernesto Valverdek zerbait asmatu beharko du. Denboraldi aurrean Beñat Pradosekin proba ezberdinak egin zituen, eta Yuri edo Lekue postu horretan jokatzera moldatu daitezkeela esan zuen. Azken bi jokalari hauek ere taldekideekin batera entrenatu zuten, eta larunbaterako prest egon daitezkeela dirudi. Beste aukera bat Vesga edo Dani Garcia atzeratzea izan daiteke.

Horrez gain, Galarreta bere kabuz korrika aritu zen, eta Sancet beranduago atera zen kanpoko zelaietara entrenatzera. Hori dela eta, zaila dirudi Osasunaren kontrako derbian jokatzeko egotea. Guruzetak ere ezingo du, astelehenean ebakuntza egin behar izan baitzioten apendizitisa atzeman ondoren.

Azkenik, Valverderi bi partidako zigorra ezarri diote. Athleticen entrenatzaileak ezingo du San Mamesko aulkian eseri Osasunaren kontra, ezta hurrengo asteazkenean Celtari egin behar dioten bisitan. Gasteiztarrari txartel gorria atera zioten, epaileak adierazitako penaltia protestatzeagatik.

Jagoba Arrasateri ere zigor berdina jarri diote, eta bi entrenatzaileek harmailetatik jarraitu beharko dute derbia.

AIMAR OROZ

Athleticen gertatzen den moduan, Osasunan ere hutsune asko egongo dira larunbatean. Hasteko, Jon Moncayolak ezingo du jokatu, Betisen kontra txartel gorria ikusi zuelako. David Garcia, Kike Barja eta Budimir ere ez dira San Mamesen egongo, lesionaturik daudelako. Era berean, Moi Gomez eta Unai Garcia arazo fisiko ezberdinekin daude, eta beren kabuz entrenatzen aritu ziren atzo.

Aimar Orozek, ostera, gainontzeko taldekideekin burutu zuen lan saioa Sadarren. Gorritxoek estadioan egin zuten entrenamendua eta 5.000 bat umeren babesa jaso zuten harmailetatik.

Orozek izterrean zituen arazoak gainditu dituela erakutsi du, eta San Mamesen jokatzeko prest egongo dela dirudi.

Bestalde, Arrasatek bigarren taldeko Osambela, Huarte, Svensson eta Jorge Moreno igo ditu lehen taldearekin entrenatzera.