Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren arnasguneak

E uskara bezalako hizkuntza eta kultura gutxituetan egiten diren ekintzek arnasgune gutxiren arazoa dute, eta horrek adierazi nahi du hizkuntza gutxitu horietan abesten duten taldeak hipoxiaren mende daudela.

Botere antropozentrikoak dena du bere mende (gizaki arra guztiaren aginte-makilarekin), genero atala, ekonomikoa, soziala eta baita politikoa ere, eta antropozentrikoak anhidrido karbonikoa baino ez du ekoizten eguneroko arnasgune txikienetan ere.

Euskal kultura eta musikaren arnas gutxiegitasuna ematen denean, nahiz eta karbono dioxidoaren presio plasmatikoa altua, baxua edota normala izan, hor ez dago gaixotasunik, botere kultural hegemonikoek (hor kokatu behar dira Jaurlaritza, Nafarroako zein Ipar Euskal Herriko boteretxoak) alterazio funtzional bat eragiten dute, ez digute uzten behar dugun arnasa eramaten gure ekintza kulturaletara, eta gabezia horrek dakarzkio arazoak gure bizitza kulturalari. Gaixo gaudela esango digute sistema menderatzailetik, euskal kultura ez dela oinarrizkoa; eta ez, alterazio disfuntzionalera eraman gaituzte, eta normaltzat joko dugu disfuntzioarekin bizitzea, baina hori ez da naturala, artifiziala da, eta gu Stockholmgo sindromean bainatzen lasai. Gurean joera naturala litzateke musika euskaraz sortzea; urrun gaude batez bestekotik. Disfuntzioan gaude, artifizialtasunean.