ALAIA SIERRA
DONOSTIA

Landako bizitzari buruzko poesia-liburua ondu du Luis Gardek, hura idealizatu gabe

«Urrats galduen hotsa» poesia-liburua argitaratu berri du Luis Garde iruindarrak Pamiela argitaletxearekin. Olerkiz osatutako bere bederatzigarren liburu honetan, landa eremuko bizimoduko eguneroko gauzetatik sortutakoak bildu ditu, landarekiko mirespena alde batera utzita.

Luis Garde, «Urrats galduen hotsa» esku artean duela.
Luis Garde, «Urrats galduen hotsa» esku artean duela. (Gorka RUBIO | FOKU)

Luis Gardek ez du Euskal Herriko landa eremuko bizimodua idealizatu nahi izan, ezta hirietan landarekiko izaten den ikuspuntu bukolikoan oinarritu ere, bere poesia liburu berria, “Urrats galduen hotsa”, idazteko. Hala ere, biziera horretaz ikusten duena irudikatu nahi izan du.

Atzo eman zituen Gardek bere lan berriaren nondik norakoak, Lander Majuelo Pamiela argitaletxeko editorearen alboan Donostian eskainitako aurkezpenean.

Horrela laburtzen du Pamielak: «Urrats galduen hotsa dakar udaberri honetan Luis Gardek, zazpi urte igaro direlarik bere azken poesia-liburua argitaratu zuenetik. Hurbiltasun eta pauso ziurrez idatzi ditu poemok Gardek, ohikoa duen fineziaz. Eskura ekarritako poemak dira, gertu behar diren horietakoak, egunaren erritmoa dakartenak idatzian. Etxea, landa, auzoa, alabaren hitz atergabeak, zaldi lausoak. Zer gehiago eska lekioke apurka udaberria dakarren liburu honi?».

Majuelorentzat ez da erraza izan liburua editatzea. Azaldu zuenez, atseginagoa izan da poema-bilduma honekin topo egitea irakurle gisa editore gisa baino. Sega bati, bidezidor bati, alabaren hitzei eta halako gauza «arruntei» beste esanahi bat emateko autoreak agertzen duen gaitasuna nabarmendu zuen, gainera, eta orrialde guztiak josten dituen elementua erritmoa dela ziurtatu zuen.

Gertutasuna ere aipatu zuen Majuelok, deskribatzen diren inguruak eta tokiak ezagutu gabe ere «irakurlea bertaratzea lortzen duelako» Gardek. «Poesia ez da gehiengoak irakurtzen duena, baina ziur nago liburu hau irakurtzen duenak gozatuko duela», adierazi zuen.

Luis Garde bere inguruan duen natur inguruneaz baliatu da eta, olerkiak idealizaziotik sortu ez dituenez, bizimodu horretatik ikusten duenaz baino ez dira sortu, bera ez delako parte-hartzailea.

Biziera horretako elementu garrantzitsu bat desagertzen ari diren lanak dira autorearentzat. Izan ere, «erritualtasuna» ikusten die eta, bere ustez, pertsonaia poetikoak «izerditu bitartean ere egiten ditu bere hausnarketak».

IRONIA, ANTINATURALISMOA ETA DESOREKA

Besteak beste, liburuan badira Gardek egunero ikusten dituen zaldiak, baita era ironikoan ere, idealizazio horren aurka jotzeko. Heriotza ere bai, baina «ez naturak inposatzen duen heriotzaren erritmoa, baizik eta gizonak sortzen duena».

Ikuspuntu «antinaturalista» islatu nahi izan du. Azaldu zuenez, landa eremuan lan egiten dutenak ez dira naturaren parte sentitzen, naturari «bere gauzak kentzeko borrokan» daudelako.

Antinaturalismo horrekin, desoreka aipatu zuen, nahita egina izan ez zena baina «gustatu zitzaidana». Hilabeteka antolatuta dago, urritik, eta olerkiak dagozkien urtaroarekin eta hilabetearekin lotuta daude, baina gero eta gutxiago sartu ditu atal bakoitzean. «Isilduz doa» protagonista.