Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA

Beskoitzeko haurrentzako ikastola duin bat eraikitzeko erabiliko dira bihar Senperen bilduko diren etekinak

Egitarau oparoa prestatu dute Senperen.
Egitarau oparoa prestatu dute Senperen. (Guillaune FAUVEAU)

Senpereko aintziran muntaketa lanak aspaldi hasi ziren. Jada oihal zuri erraldoiak emanak dira. Era berean, gunez gune izanen diren mota guztietako zerbitzu eta azpiegiturak -bai Herri Urrats ospatzera bertaratuko diren milaka eta milaka lagunen gose eta egarria asetzeko, bai musika, dantza eta oro har euskal kulturaz gozatzeko- plantan eman dituzte Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioaren arima diren langileek eta gurasoek.

Ohi bezala, begi bat zeruan izanen dute ikastolen erronkak aurrera ateratzeko premiazko besta hau antolatzeko ardura duten Seaskako ordezkariek. Euriak behin baino gehiagotan zapuztu du aldez aurretik prestaturiko jai hau. Horrelaxe gertatu zen iaz, eta euriteek galera handiak ekarri zituzten. Edonola ere, Euskal Herri osoko euskaltzaleen elkartasuna heldu zen, dohaintzen bidez aterki bat eskaintzearren.

“Ortzadarra” da aurtengo edizioko leloa eta, aro aurreikuspenei so eginez gero, igandean Senpereko lakuaren inguruan ibilbidea eguzkipean egiteko parada izanen da.

Hala eta guztiz ere, euskal herritarren armairuan falta ez den zira motxilan eramatea ez da inoiz sobera.

KOLEGIO BERRIA, GUNE BERRIA

Herri Urrats berritasunez beterik dator aurten. Hala, zazpi euskal herrialdeen izenak dituzten ohiko guneei zortzigarren bat gehituko zaie 41. edizio honetan. Besta egiteko eremua zabalagoa da eta egitaraua ez da atzean gelditzen; orotara 50 bat ikusgarri aurreikusi dituzte antolatzaileek.

Herri Urrats jaiak duen garrantzia gogora ekartze aldera, Seaskako arduradunek azaldu dute besta hau antolatuz ateratako etekinei esker ireki ahal izan dituela Seaskak 33 ikastola, 5 kolegio eta lizeo bat.

Aurtengo irabaziak Beskoitzen ikastola duin bat eraikitzeko erabiliko ditu Seaskak. Erronkaren tamaina aditzera emanez, aukera berria zabaldu zuten, atzo, Herri Urrats bestaren antolatzaileek Lapurdiko herrian ikastola bultzatzeko. Hala, Bizum bidez dirua emateko parada izanen dela jakinarazi zuten. Era horretan, Senpererat etortzerik ez duten euskaltzaleek ere lagundu ahal izanen dute.