GARA Euskal Herriko egunkaria
ZORROZTARRIA

Giroaren grisa


Aste nahasia gero azken hau niretzat! Arrapalada batean gainbegiratu ditut iluntzean goizean goiz etxera ekarritako egunkari biak. Arinegi gainbegiratu ere, seguruenik, burua galdera ikurrez beteta oheratzen naiz-eta... eta modu berean altxatu. Horra! Kontinente zaharra ei deneko Copernicus zerbitzuaren arabera, azken hilabete askoan tenperaturak gora eta gora baino ez du egin, hilez hil, hil arte edo... nik ohean sentitzen dut. Aireko tenperaturaz ari direla pentsatu behar, albistegikoaz izan baliteke ere planeta honetako munduetan han-hemen gertatzen ari dena minez bizi izanda. Hortaz, minbiziak bizi du egungo sistema ankerra!

Zenbat antzezpen nazioarteko erakundeen erakusleihoetan! Eta gero, hona etorrita, benetako antzoki bat eskura daukazunean, ur eta adreilu, ate eta leiho, ezin euskaraz antzeztu. Antzoki antza baino ez, tokia bera hutsak betetzen duela, eta hautsa ikusle bakarra. Non nengoen ni? A, bai! Ez, ez da giro munduetan; Italian baino ez, maiatzari dagokionez. Han arrosa nagusi, helbidean beste helburuan. Zerikusirik ez Palestinako aspaldiko giroarekin. Arrasatzearen gris goibela nagusi, hemen sentitzen dugun han horretan, grisa gaur-gaurkoz inora ez doazen helbide guztietan. Arraseko mozketa han, zerrenda basamortu bihurtzea helburu. Hil daitezela tankedunak berez klimak akabatu baino lehen!

Eta kanpaldiak unibertsitate campusetan, han-hemen. Gurean “Eman ta zabal zazu” hori ulertzeko bestelako bidea, ikas eta irakastekoa. Betiko berdegune tristeok ekimen-soro bihurtuta! Ohiko udako ikastaroak udaberrian hasita aurten, eta ohiko jauregian barik soroan bertan. Herrialde guztietan pertsona guztien «gaza-eskubideak» gauzatzea aldarri! Oinarrizko kanpamentua zenbat eta gorago jarri, orduan eta gertuago tontorra..., maldan, hori bai!