MAY. 14 2024 Errieta Joxemari CARRERE Ipuin kontalaria Beti izango duzu kritikaren arriskua jendaurrean zerbait argitaratuz gero. Eta kritikak gertuenetik badatoz dar-dar hasten da neurona. Zer esanik ez amaren ahotik datorrenean. «Aizu, aitonak Txirritaren bertsoak jakingo zituen, bai, baina niri eskatzen zidan bazkalostean, sukaldean eserita zegoela, bertsoak kantatzea». Eskura zituen bertso paperen bertsoak kantatzen omen zizkion. Noizean behin, amak merkatuaren sarreran omen zegoen gizon bati bertsoak erosteko enkargua ematen zion, gero aitari kantatuko zizkionak. Errieta txikia egin zidan idatzitako azken zutabea irakurri ondoren. Errieta-kritika. Eta pentsatzekoa eman zidan bidean galdu ditugun transmisioaren katebegien gainean. Gogoan dut nola, auskalo zer zela eta, amak Kukubiltxoren ipuina bazekiela eta goitik behera kontatu zidanekoa. Amak kontatzen zizkiela ipuinak. Eta ni harrituta, Kukubiltxoren bertsio hori Barandiaranen bildumatik nekielako, Azkoitian jasoa. Gure amona azkoitiarra zen. Aitak ere, tarteka, esaera zaharren bat botatzen zuen «dagoenean bonbon, ez dagoenean egon» edo «leku guztietan zakurrak oinutsik», ezagunak nituenak hango edo hemengo bilduman irakurrita. Eta gogoeta egiteko bidea ematen du, alegia, nolatan transmisioaren katea zartatzen utzi dugun. Gure buruari errieta egiteko motiboa bada. Eta ez txikia.