MAY. 14 2024 ATHLETIC Eskerrik beroena Iker Muniaini, Gabarra berriro ateratzea lortu duen kapitainari Hogeita bost mila zale baino gehiagoren babesa jaso zuen San Mamesen egindako agur ekitaldian. Nafarra oso hunkiturik agertu zen, eta alboan izan zituen taldekideak, jokalari ohiak, entrenatzaileak eta gertukoak. Zoriontsu doa izandako ibilbidearekin. Iker Muniainen ibilbidearen errepasoa egin zuten, eta milaka zaleren babesa jaso zuen. (Aritz LOIOLA | FOKU) Manex ALTUNA Iker Muniainek arrastoa utziko du Athleticen, eta klubak eta zaleek omenaldi berezia eskaini nahi izan zioten atzo iluntzean San Mamesen. Hogeita bost mila zaletik gora elkartu ziren Katedralean, berrogei urteren ostean Gabarra berriro ateratzea lortu duen kapitainari agur esateko. Hasieratik hunkiturik agertu zen nafarra, eta amaieran argi utzi zuen ez dela inoiz joango, betiko eramango duela Athletic bihotzean. Era berean, atea irekita utzi zuen uneren batean itzultzeko. Hala, klubetik laguntza eskatzen badiote, hurrengo egunean bueltan egongo litzatekeela zin egin zuen. Muniain beren seme-alabekin zelairatu zen, Athleticen ereserkia entzuten zen bitartean. Taldekideek, hamar zenbakiarekin soinean, harrera egin zioten, eta han egon ziren emakumezkoen taldeko ordezkariak eta harrobikoak ere. Elastiko zuri-gorriarekin batera, bere jatorrizko taldea izandako Txantrearen kolore urdina nabari zen. Gogoratu zuen moduan, umemoko bat zela heldu zen Lezamara. 11-12 urte besterik ez zituen, eta gizon bat eginda joango da. Iribarrek, esate baterako, «gure kapitain handia» izendatu zuen, eta jokalari eta pertsona gisa «crack» bat dela nabarmendu zuen, oparia eman zionean. Iñaki Williamsek ere esker hitzak izan zituen Muniainentzat, eta bi jokalariek Koldo Asua gogora ekarri zuten. Izan ere, Asuaren bidez iritsi ziren talde zuri-gorrira, eta hark irakatsi zien klub zuri-gorriaren esanahia. Muniainek 16 urte besterik ez zituenean debuta egin zuen lehen taldearekin. Europa Leagueko partida batean izan zen, Joaquin Caparrosen eskutik. Horren lekuko, Piratak taldeak neurketa hartako kamiseta bat eman zion, oroigarri. Entrenatzaile andaluziarra ere omenaldian izan zen, eta jokalari «ezberdina» zela ikusten zitzaiola azaldu zuen. Nafarrak hamabost denboraldi egin ditu Athleticen, eta historiara pasatuko da, neurketa gehien jokatu dituen bigarren jokalaria baita. 559 daramatza, hain zuzen ere. Jon Uriarte presidenteak lortutakoa «ikaragarria» dela esan zuen eta erakutsitako «lidergoa» goraipatu zuen. ERREPASOA Ekitaldian, Muniainen ibilbideko unerik garrantzitsuenak errepasatu zituzten. Besteak beste, Valverderekin Txapeldunen Ligan Napoliri sartutako gola, Marcelinorekin irabazitako Superkopa, Bielsarekin Manchester Uniteden kontra egindako gola, edo Bukaresten galdutako finalarekin jasotako kolpe gogorra. Bi belaunak hautsi zituela ere aipatu zuten, eta nola berriro altxatzea lortu zuen. Garitanok ere azken denboraldian kapitain moduan egindako lana azpimarratu zuen. Muniainek postua galdu du hasierako hamaikakoan, baina partida garrantzitsuenean erabakigarria izan zen. Hau da, Kopako finaleko penalti jaurtiketetan. Muniainek huts egiteko beldurra zeukala onartu arren, jaurtiketarekin asmatu eta Kopa irabaztea lortu zuen. Gabarraren irudiak oroimenean iltzatuta geratuko dira, eta ospakizunetan sortutako Athletic famatuaren kanta abestu nahi izan zuen zaleekin. Julian Lopez aktorearen laguntza ere izan zuen, eta Baby G abeslariak eskaini dion kanta ere entzun zen. ‘Txoria txori’ abestiarekin bukaera eman zitzaion omenaldiari. Agur esan, egindakoa ospatu eta aukeratutako bideari ohore egiteko modua. Askoren ustez, Muniainek Athleticen jarrai zezakeen. Horren adibide, Osasunaren aurkako derbian hamaikakoan sartu zela. Hala ere, beste taldekide batzuk aurretik dauzkala onartu eta albo batera egitea erabaki du. AZKEN PARTIDAKLiga amaitzeko hiru jardunaldi geratzen dira, eta Txapeldunen Ligako laugarren postua zortzi puntura dago zuri-gorrientzat. Beraz, bosgarren tokia ziurtatzea izango da taldearen erronka nagusia. IRAOLAEntrenatzaile usurbildarrak 2026ra arte luzatu du kontratua Bournemouth taldearekin. Lan bikaina egin du Ingalaterran, eta sailkapenaren erdian amaituko du.