GARA Euskal Herriko egunkaria
------------MAHAINGURUA

HARRERA POLITIKak: euskara eta kulturartekotasuna

Euskal Herriko euskara zerbitzuetako ehun teknikari baino gehiago elkartu ziren atzo Lasarten, Udaltopek antolatutako topaketetan. Bertan, harrera politikak, etorri berrien eta euskal komunitatearen arteko zubiak eta espazioak, amuak eta tokian tokiko lanketak izan zituzten hizpide. Gaur amaituko dira topaketak; hausnarketarako eta eztabaidarako gaiak gurutzatuko dira gaur ere ezinbestean.

Aranguren, Palmitano eta Perez atzoko topaketetako hitzaldian, Lasarten. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Udaletako euskara zerbitzuen topaketak egin ziren atzo Lasarten, Udaltopek antolatuta. Hausnarketarako eta eztabaidarako gai sakona hautatu dute aurten: etorkinak eta euskal komunitatea. “EAEko tokiko harrera politikak diseinatzeko orientabideak” hitzaldian parte hartu zuten Javi Perez Biltzen fundazioko kideak, Nora Palmitano Zestoako euskara teknikariak eta Julen Arangurenek, Zarauzko Udalaren izenean.

Perezek hartu zuen lehendabizi hitza, eta tokiko politikak sortzeko unean, 2019ko Migraziorako Euskal Itun Sozialak jasotzen dituen zenbait ideia kontuan hartzea garrantzitsua dela adierazi zuen; «jaso nahi genukeena eskaintzea», hori da, Perezen ustez, bidea. Itun sozialak helburu etikoa, prebentiboa eta pragmatikoa jasotzen duela gogorarazi zuen, eta bi puntu azpimarratu zituen: «Bizitza auzoetan gertatzen da, tokiko begirada garatzeko ezinbestekoa da. Eta bigarrenik, hizkuntza aniztasuna onartu behar dugu».

Zenbait orientabide ematea zen bere xedea, baina lehendabizi “harrera” terminoaren definizioa eman zuen: «Pertsona berri bat komunitate berri batera iristen denean laguntzeko prozesua». Eta harrera politikek horretarako baliabideak jarri behar dituztela aldarrikatu zuen, erantzukizun publikoa nabarmenduz: «Batez ere, udalei dagokie halako zerbitzuak bermatzea, eta badaude baliabideak».

Perezek azaldu zuen Biltzenen bost ikuspegiren arabera antolatu ohi dituztela harrerak: eskubideena; kulturartekoa; komunitarioa; genero-ikuspegia eta intersekzionala; eta hizkuntza ikuspegia. Beste bi alderdi kontuan hartzea ere ezinbestekoa da, elkartearen ustez. Batetik, gure herrira iritsi berri den pertsona dagozkion zerbitzuetara bideratzea, haren beharrak identifikatu eta bidelagun izatea; eta bestetik, herriko jendearekin harremantzeko bideak irekitzea.

HURBILPEN EZ FORMALA

Harreraren inguruko marko orokorra azaldu ostean, zenbait datu eman zituen Perezek. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleriaren %12,4 da atzerritarra, 274.000 herritar, hain zuzen. 120 hizkuntza inguru daude, baina etorri berri gehienak Hego Ameriketatik etorritakoak dira, eta beraz, gaztelera da gehienen ama hizkuntza. Begirune fundazioak egindako ikerketa batek etorri berriei haien seme alabengan pentsatuz lehentasunak markatzeko eskatu zien, eta euskara ikastea zegoen lehen postuetan. Perezen iritziz, ezinbestekoa da umeengan arreta jartzea, bai gurasoek bai umeek jarrera positiboa baitute euskal komunitatera hurbiltzeari dagokionez.

«Bizimodu berri baten bila etortzen dira, ez EGA ateratzera. Euskara jakiteak lagunduko badie, prest daude ikasteko, baina etorri berritan beraien egoera ere ulertu behar da», azaldu zuen Biltzeneko kideak. Eta hausnarketa batekin amaitu zuen: «Arrantzara zoazenean arrainari gustatzen zaiona jarri amuan, ez zuri gustatzen zaizuna».

«Ez da bat-batean gertatu den prozesua, baina bat-batean konturatu gara jolas parkean umeek erdaraz hitz egiten dutela», horrela hasi zuen hitzartzea Palmitanok. Horri aurre egiteko eta euskararen erabileraren gainbeherari «buelta emateko» abiatu zuten Euskara Foroa, eta bere hitzetan, lehenengo hausnarketetatik izan zen etorkinen gaia aipagai: «Ateratzen zen bi komunitate garela. Espazioak konpartitzen ditugu, baina ordutegiak ez».

Umeengan jarri zuten arreta eta guztiak elkartu eta euskara sustatzeko ekimenak jarri zituzten martxan; «berehala hasi ziren erreakzioak». Aldeko erreakzioak egon ziren, ekimena txalotzen zutenak, bertakoen zein etorri berrien aldetik, baina baita kontrakoak ere: «Zergatik deskargatu behar dut aplikazio bat? Beraiek ez dute integratu nahi, herria erdalduntzen ari dira». Zurrumurruen aurkako sarearengana jo zuten, baina ez zen aski izan, Palmitanok kontatu zuenez: «Eskuetatik zihoakigun, hor beste koordenada batzuk zeuden guk kontrolatzen ez genituenak». Eta orduan hasi ziren Biltzen elkartearekin lanean.

«Beste begirada bat eskuratu genuen orduan, euskarafobiak eta xenofobiak ikusten hasi ginen». Zenbait adibide zerrendatu zituen: «Euskara eta eskola porrota lotzen zituzten iritziak, euskarafobiatik. Guraso batzuek haur euskaldunek gela propioa edukitzea eskatzen zuten, baina kenduko dizkiegu pantailak edo molestatzen gaituen bakarra etorkinak gelan izatea da? Xenofobia usaina». Bere lanean ere plangintzako lerro gutxiegi eskaini izan dizkiela etorri berriei aitortu zuen euskara teknikariak.

BAT EGITEA

«Aniztasuna eta kulturartekotasuna landu egin behar dira, euskal komunitateak derrigorrez hiztun berriak behar ditu, kanpotik datozen horien beharra dugu. Aniztasuna eta kulturartekotasuna zabaltzearena oso polita geratzen da txostenetan, baina arriskuan dagoen komunitate hori kontuan hartu behar da», azaldu zuen. Eta gaineratu harrera politiketan euskal komunitateak eta kulturartekotasunak eskutik joan behar dutela: «Batera lan egitera kondenatuta gaude, bai biztanle berri horien eskubideez, legezkotasunez, bizi kalitateaz arduratzen, baita euskal komunitatea bizi nahi dugunoi euskaraz bizitzeko eskubidea bermatzen ere».

Arangurenek inguruari erreparatzeko deia egin zuen, lehenik eta behin. «Bestearen lekuan jarri behar da», esan zuen, eta kontuan hartu behar dela euskararekin eta gaztelerarekin egiten dutela topo, baina bat soilik dela derrigorra. «Herri komunitate bezala zein mezu ematen diegu etorri berriei? Athletic-en ospakizunean 24 hitzartzeetatik bi izan ziren euskaraz», gaineratu zuen. Eta hirugarrenik, inguruari begiratzeko deia: «Barraren zein aldetan gaude gutako bakoitza eta zein hizkuntzatan aritzen gara?».

Euskarak bi amu ditu etorkinak euskal mundura hurbiltzeko, bere ustez. Ikerketek erakutsi dutenez, gehienek beren seme-alabengan pentsatzen dute, eta garrantzitsua iruditzen zaie haiek euskaraz jakitea: «Hor eragin behar dugu» . Eta bestetik, identitatea: «Euskarak identitate bat ematen die, hartzen dituen lurraldeko parte izateko. Gure lana da identitatea sortu eta denen artean “gu” berri bat sortzea». Amaitzeko, harrera politikak indartu behar direla egin zuen aldarri: «Euskarak eta kulturartekotasunak elkarrekin joan behar dute, mundu bakarra osatu behar da eta ez bi balira bezala landu».