Jon ORMAZABAL
PILOTA

Ikusmina gorengo puntan eta alderik ez pronostikoetan

2021eko finalean ezin izan zen eta aurtengo finalerdian jokatuko dute lehen aldiz elkarren aurka lehen mailako Buruz Burukoan Altuna eta Artolak.

Altuna eta Artola, binakako partida batean.
Altuna eta Artola, binakako partida batean. (Jon URBE | FOKU)

Bitxia da, baina profesionaletan laster hamar urte beteko dituzten arren, Buruz Buruko nagusian elkarren artean partidarik jokatu gabeak dira Jokin Altuna eta Iñaki Artola. 2021eko finalak aukera paregabea zirudien estreinaldirako, baina alegiarraren lesio malaparta batek zapuztu zuen aukera hura. Igandean Donostian ez da txapelik banatuko, baina eskaileran maila bat beherago, Atano III.ekoa ere ez da zita txarra lehen aldi horretarako. Ikusmin aldetik, behintzat, eskaera sekulakoa da -ez da sarrerarik geratzen- aspaldi ez bezalako jendetza batu zen atzo Amarako pilotaleku historikoan eta horretan ere bere aletxoa jarriko zuen kanporaketa inoiz baino parekatuagoa egoteak pronostikoetan. Urteak daramatza aurrelari amezketarrak banaka jokatutako partida guztietan katedraren zama eta konfiantza bizkarrean eramaten, baina iganderako diruak parean dira, txintxarriak egindako txapelketa txundigarriak hala eraginda.

«Oraintxe faboritoa bera da, nire aurreko txapelek ez dute deus balio eta nire aurreko txapelketek ere ez. Txapelketa hau da, igandean jokatuko dugu, unea hau da, dirua ere uste dut bere alde irtengo dela, ez dakit ziur, baina faborito argia bera da», adierazi zuen Altuna III.ak atzoko material aukeraketan.

«Horixe da oraintxe batere inporta ez didan gauzetako bat, kanpoko gauza horietako bat da. Grazia egiten dit, zuek ere barre egin duzue galderarekin batera eta horrekin dena esanda dago», erantzun zion, bizi, alegiarrak, aurkariaren esanaz galdetuta.

KONFIANTZAZ

Baikokoak onartu zuen ur aparretan heltzen ari dela bere ibilbideko bidegurutzerik ilusionagarrienetako batera, baina barruko tximeletak nahiko kontrolatuta omen ditu. «Bai, pixka bat sumatzen da urduritasuna, ezetz esango banizu, gezurra litzateke, baina era berean ausartuko nintzateke esatera halako partidak jokatu izan ditudan beste batzuetan baino gutxiago. Aurreneko partida ligaxkara sartzeko garrantzitsua zen bezala, ondorengoek datorren urterako postua gordetzen zuten eta hau finala delako. Beti dago zerbait jokoan».

Prestakuntzarako baldintza hobeak izan ditu Iñaki Artolak, ligaxkako azken partidatik finalerdira bi asteko tartea izan baitu osatzeko. Jokin Altunak, aldiz, igandeko Darioren aurkako partidatik errekuperatzen eman ditu ordurik gehienak. «Gorputza ondo daukat, eskuetatik pixka bat kostatzen ari zait errekuperatzea, aurrekoan apur bat kargatuta amaitu nuelako. Igandean jipoi handi samarra hartu genuen eta igandera hobekien heltzea da helburua». Euliak ez du entrenamendu saio handirik egin aste honetan, baina gaur bertan saiotxo bat osatu du Jokin Etxanizen aginduetara.

Bai Altunak bai Artolak onartu zuten euren herrietan astean zehar giroa berezia izan dela, igandean ere sekulakoa espero da, baina badirudi Atano III.eko harmailetan behintzat, alegiarrak izango direla nagusi, txartelak erosteko aukera hobea izan dute eta