GARA Euskal Herriko egunkaria
KOPAKO FINALA

«Gogotsu, itxaropentsu, eta ilusioz» abiatuko da Z7 Taldearen autobusa

«Nahiko azkar» bete zen autobus bat antolatu du Zaragozarako zale taldeak. Barçak baino gol bat gehiago sar dezala eskatu diote Realari.

Z7ren harmaila, sasoi honetako partida batean. (Jon URBE | FOKU)

«Gogotsu, itxaropentsu, eta ilusio handiarekin»; horrelaxe joango da Realeko emakumezkoen Z7 zale taldea Zaragozara. Autobus bat antolatu dute gaurko hitzordu garrantzitsuari begira. «Lehenik, lagun taldeko jendea lehenetsi genuen, eta gero deialdia ireki genuen. Autobusa nahiko azkar bete zenez, uste baino handiagoa jarri behar izan dugu», azaldu du Maiana Belaunzaran Z7 taldeko kideak.

Realeko emakumezkoen zale talde ofizial bakarra da Z7. Granadako 2019ko finaletik pixkanaka hasi ziren Z7 lagun taldea sortzen: «Nire kabuz joan nintzen Granadara; oraindik ez nuen Z7 lagun taldeko jendea ezagutzen. Eguna lasaia izan zen, ahal zen neurrian, behintzat. Hiria bisitatu nuen, polita da-eta. Finalean Reala ez zen faborito, inondik inora ere, eta joan ginen ea zer gertatzen zen».

Nahikari Garciak Realaren bigarren gola sartu osteko hogei minutuak bere bizitzako «luzeenak» izan zirela nabarmendu du. «Sufritu egin genuen, baina ikaragarria izan zen amaiera, nola ospatu genuen denok han».

Granadakoa errepikatzea amesten dute txuri-urdinek, eta horregatik antolatu dute autobusa Zaragozarako. 9.30ak aldera aterako dira Donostiatik, gehienak ingurukoak baitira. Zaragozara eguerdian ailegatzea aurreikusten dute. «Iritsitakoan bisita txiki bat egin, buelta bat eman, elkarrekin bazkaldu, giroan murgildu, eta partidara». Egunean bertan egingo dute joan-etorriko bidaia. Irabaziz gero ere bai? Barrez erantzun du, agian buelta «zertxobait» atzeratu egingo dela.

«BARTZELONAK EGUNEN BATEAN GALDU BEHARKO DU»

Partidaren inguruan ere mintzatu da Belaunzaran, eta, denek aurreikusten duten moduan, neurketa «oso zaila» izango dela nabarmendu du, «oso-oso zaila», baina, noski, Realak ere baduela garaikurra altxatzeko aukera bat: «Azkenean partida bakarrera da, eta Bartzelonak egunen batean ere galdu beharko du. Momenturen batean iritsiko da».

Finalaz harago, kontu administratiboez ere hitz egin du Z7 taldeko kideak. Kopako finala Zaragozan jartzea bi taldeentzat «erosoa» da, erdibideko lekua da eta.

La Romareda Zaragozako zelaia polita da final baterako. Belaunzaranek nabarmendu du jende «dezente» sar daitekeen zelaia dela, eta bi taldeentzat leku «erosoa».