GARA Euskal Herriko egunkaria
ESKIA ETA ALPINISMOA

Muturreko eskia Alpeetan, eta neurri handikoa Himalaian

Nicolas Jean eta Benjamin Vedrinesek Ecrins-eko mendilerroan bi jaitsiera egin dituzte egun bateko jardunean. Fay Manners eta Benjamin Ramosek, berriz, Grand Fourchen jardun dute. Eta Bartek Ziemski Makalun aritu da.

Nicolas Jean eta Benjamin Vedrinesek erakutsi dute muturreko jaitsieretan espezialista handiak direla. (Benjamin VEDRINES)

Azken asteotan, Alpeetan eta Himalaian eskia eta alpinismoa elkar lotuta ikusi ditugu. Bederen, jarduera azpimarragarriak egin dira. Batzuk muturreko jaitsieretan murgildu dira, eta, horretarako, Alpeak aukeratu dituzte. Himalaian, berriz, espezialista batek erakutsi du zortzimilakoetan eskiekin bikain moldatzen dela.

Kronika hau Alpeetan hasiko dugu. Izan ere, pente raide edo aldats pikoetan curriculum itzela duten bi kirolarik goi-mailako pare bat jaitsiera egin dituzte. Dagoeneko orriotako irakurleentzat aski ezagunak dira: Nicolas Jean eta Benjamin Vedrines. Alpinista frantziar hauek denboraldi bikaina baino bikainagoa egiten ari dira. Agneaux-eko bost isuriak, Ailefroide-Pic Sans Nom-Pelvoux trilogia (bi hauek egun bateko jardunean) eta Epena mendiaren iparraldeko aurpegia. Hirurak ala hirurak maiatzaren hasierara arte. Baina badirudi protagonistok ez dutela denboraldia amaitu nahi izan beste ekarpen bat egin gabe.

Joan den 10ean, bi lagun hauek Ecrins-eko mendilerroan izan dira. Bi jaitsiera “ero” eta muturreko egin dituzte; biak ala biak Noir izeneko glaziarraren gainean: Ailefroiden eta Pic Sans Nomen. Ez dira lehen jaitsierak izan. 2009an inauguratu zen Ailefroidekoa (5.4+ maila), eta Pic Sans Nomekoa (5,5) duela zazpi urte. Bi jaitsiera horien sinadura Herve Degonon espezialistarenak dira. Bada, frantziarrek eginiko jarduerak, beste behin, ahoa bete hotz utzi gaitu. Eta hori diogu muturreko sekuentzia hori egun batean egun dutelako.

Bi alpiniston lehen etapa Ailefroiden izan zen. Vedrinesek mendiaren iparraldeko murrua ezagutzen zuen; 2019an Michel Canac-ekin “Fourastier” ibilbidea (5.4) ireki zuen. Azken jaitsierari dagokionez, frantziarrak zera dio: «Oso zuzena eta zailtasunean iraunkorra da. Gainera, une zehatz batean horman ia zintzilik geratzen zara. Baldintzekin zorte handia izan dugu; sinestezinak izan ziren! Bide batez, Canac lagunari nolabaiteko omenaldia egin nahi izan diot; izan ere, duela bost urte Pelvoux-eko mendebaldeko lepoan eskiatzen ari zela, istripu baten ondorioz zendu zen».

Muturreko jaitsiera hori egin eta gero, zalantzak izan zituzten Pic Sans Nomera joateko. Jaitsi behar zuten bideak elur asko zuen; alabaina, erabaki zuten une aproposa zela: «Hervek egin zuen jarduera horrek txunditu ninduen. Irakurri nuenaren arabera, bazirudien muturreko jaitsierei beste dimentsio bat gehitu ziela. Horrek harrapatu ninduen, eta aurten une egokia zela ondorioztatu nuen».

Jean eta Vedrines 500 metroko horma hori eskalatzen ari zirela, ohartu ziren nortasun handia zuela. Amildegi handia eta arriskutsua. Horrez gain, elurraren baldintzak ondo aztertu behar zituzten. Vedrinesek baieztatu duenez, liluratuta zeuden: «Tontorrera heltzeko igo behar den marra oso bihurria da. Den-dena elurra zen. Eta giro aparta du! Mendiaren gailurrean kranpoiak kendu, eskiak jarri eta 5.5 maila (ia gorena) duen ibilbide horretan murgildu ginen. Eromen hutsa izan zen. 50 metroko rappel bakarra du eta 25 metroko deseskalada. Alde guztietatik begiratuta, jarduera magikoa izan da».

Vedrinesi dagokionez, aurreratu behar dugu neguko eta udaberriko denboraldi oso emankorrak izaten ari dela. Egin dituen jarduera guztiak esku artean duen proiektu handi baterako baliatu ditu. Gogora dezagun datorren udaran K2 edo Chogori mendia (8.611 m) igo nahi duela, baina oso azkar. Hots, abiadurako errekor bat ezarri nahi du. Frantziarraren hitzak dira: «Oso pozik nago Ecrins-eko mendilerroan egin ditudan bi aktibitate hauekin. Mendilerroak dituen zailenetarikoak dira, eta Nicolasekin egin ditudan ederrenetarikoak. K2 mendian dudan helburuarentzat entrenamendu ederra izan da».

GRANDE FOURCHE

Alpeetan jarraituko dugu, Fay Manners eta Benjamin Ramosek ere azpimarra behar duen jaitsiera egin dutelako. Hilaren 12an, Grande Fourcheko hegoaldeko isurian “Z” ibilbidea (5.3, E4) sortu zuten.

Bi eskiatzaile eta alpinista hauei aitortu behar zaie egindako apustua handia izan dela oso. Mendi hori igotzen lehenak Henri Copt ea Henry Remsen izan ziren. 1876an gailurra erdietsi zuten, eta eskiekin eginiko lehen jaitsiera oso-oso berandu heldu zen.

Mannersek Alpeetan zeuden baldintza onak aprobetxatu nahi zituen. Gainera, neguko denboraldi oso ona izan du. Gogora dezagun, Tom Lafaillerekin batera, urtarrilean, Le Moineko hego-ekialdeko aurpegia eskiatzen jaitsi zuela. 5.6 maila eman zioten, hots, zailtasun gorena. Baina errepikatzaileek 5.5 mailan utzi dute. Beste jarduera batzuk ere egin ditu, eta eskarmentu horri esker Grande Fourchera joatea erabaki zuen.

Manners eta Ramosek iragan neguan elkarrekin eskiatu zuten, eta biek ala biek erabaki ere beste jaitsiera handi bat egin behar zutela. Ramosek aurreratu du jaitsiera batean ibilbideak duen historiari garrantzia ematen diola: «Muturreko eskia praktikatzen dut, baina, eskuarki, nire konfort-zonan ibiltzen naiz. Ez dut 5.5 mailarik egiten; ezta 59ºko aldatsak jaitsi ere. Nahiago dut 5.2 zailtasunean jardun. Eskala horiei ez diet gehiegi begiratzen; jaitsiera batean bizi dudan abenturari, berriz, bai».

Hurbiltze bide luzea egin ondoren, goizeko 7.30ean, bi protagonistok paretaren oinarrian zeuden. Nahiz eta eguraldia pixka bat okertu zen, sokada horrek aurrera jarraitzea erabaki zuen. Mannersek dio jarduera ederra izan zela: «Marra oso erakargarri bat jaitsi dugu, eta aldats pikoek dituzten osagai guztiak ditu. “Z” izena jarri diogu. Besteak beste, zendu berri den nire zakurraren izena Zeberdee zelako».

MAKALU

Bartek Ziemski ere espezialista handia da. Baina kasu honetan, bere izena zortzimilakoekin lotzen dugu. Izan ere, eskiekin bost jaitsi ditu. Azkena: Makalu. Poloniarra “MAD Eski Project 2024” proiektuan buru belarri dabil. Bi helburu ditu udaberriko denboraldirako: Makalu eta Kangchenjunga. Oswald Rodrigo Pereirarekin izan da lehendabiziko mendian. Igoerarako ez zuten oxigeno gehigarririk erabili, eta Ziemskik zortzimilakoa jaitsi du soka finko batzuk erabiliz. Horrez gain, soilik frantziarren korridorean eta lehen kanpalekuaren azpian dagoen arrokazko sekzio batean kendu zituen eskiak.

Makalu igotzeko, poloniarrek bi ekinaldi egin behar izan zituzten. Lehenbizikoan, 7.950 metrora zirela, atzera egin zuten; Ziemskik arnasarekin arazoak zituen. Bigarrenean, berriz, ez zuten arazorik izan, eta joan den 12an gailurra zapaldu zuten.

Jaitsierari dagokionez, hirugarren kanpalekura arte, segurtasunarengatik, Ziemski soka finkoetara lotu zen eta aipatu dugun frantziarren korridorean eskiak kendu zituen. Kanpaleku horretan gaua egin eta biharamunean jaitsierarekin jarraitu zuen. 6.000 metrora elurrik ez zegoen eta arrokazko zati batean eskiak sorbaldara eraman zituen. Makalurekin bost dira poloniarrak jaitsi dituen zortzimilakoak: Broad Peak, Gasherbrum II, Annapurna, Dhaulagiri eta Makalu bera. Zortzi mila metrotik gorako mendietan eskiatzaile emankorrena da. Orain, Kangchenjunga zain du.

Azkenik, aipatu behar dugu Makaluren bigarren jaitsiera izan dela. Adrian Ballinger-ek lehena lortu zuen duela pare bat urte. Ziemskirekin alderatuta, igoerarako oxigeno artifiziala erabili zuen. Eta jaitsieran pare bat rappel txiki egin zituen.