Manex ALTUNA

EHUN URTE OSPATZEKO, RAUL GARCIAREN BISITA ETA SAN MAMESEKO PALKORA

Jesus Legarretaetxebarria Bilbaok eta haren lobek ez dituzte inoiz ahaztuko Raul Garciak egindako opariak. Izan ere, ehun urteak ospatzeko, Fruizko etxera eraman zion elastiko zuri-gorria eta, gero, San Mamesera gonbidatu zituen. Hain zuzen ere, Osasunaren aurkako derbian palkoan egon ziren, nafarra omendu zuten egunean.

Jesus eta bere lobak, Raul Garciarekin San Mamesen.
Jesus eta bere lobak, Raul Garciarekin San Mamesen. (LEGARRETAETXEBARRIA FAMILIA)

Raul Garciak erretiroa hartuko du denboraldi amaieran, eta igande honetan azken partida joka lezake Sevillaren aurka San Mamesen (19.00). Denboraldiko azkena izango da Athleticentzat etxean, agur esateko eguna Iker Muniainentzat ere. Raul Garciari errespetua eta maitasuna erakutsi diote igaro den hiru klubetako zaleek, eta Fruizen ere beti izango dute gogoan haren keinua.

Izan ere, Legarretaetxebarria familia oso ezaguna da Mungia eta Gernika artean kokaturik dagoen Bizkaiko herri txiki horretan. Erdigunean daukate etxea, eta han egoten da aitxitxe Jesus. Joan den azaroan herriko Athleticeko peñaren inaugurazio ofiziala egin zuten probalekuan, eta talde zuri-gorriaren ordezkaritza bat hurbildu zen bertara. Besteak beste, han izan ziren Andoni Goikoetxea jokalari ohia, Manolo Delgado prestatzaile fisikoa izandakoa, emakumezkoen taldeko Nerea Nevado eta Paula Arana, eta gizonezkoen lehen taldeko Vivian eta Raul Garcia.

Jesusen lobetako Ugaitz Orbe Legarretaetxebarriak azaldu duenez, hotz egiten zuen eta beren aitonak ezin izan zituen jokalariak zuzenean agurtu. Hortaz, etxera hurbil zitezkeen galdegin zieten eta arazorik gabe onartu zuten. Hala, kontatu duenez, Goikoetxea atetik sartzen ikusi zuenean beren aitxitxeri begiak «argitu» zitzaizkion, eta Raul Garciarekin hizketan «poz-pozik» egon zen. Agurtzean, hurrengo egunean etxean egongo ote zen galdetu zuen nafarrak, eta familiakoek zerbait bidaliko zuela pentsatu zuten. Baina, inori ezer esan gabe, Raul Garcia agertu zen biharamunean. Athleticekin entrenamendua amaitu ostean, Lezaman autoa hartu eta Fruizera joan zen Jesusi kamiseta bat eramatera. Udaberrian, denboraldi amaierarekin batera, San Mamesera joateko gonbidapena ere egin zion, baina hor geratu zen ezer zehaztu gabe.

HURBILTASUNA ETA OROIGARRIA

«Oso keinu polita izan zen», azpimarratu du Ugaitzek. Era berean, onartu du «harrituta» geratu zela Raul Garciak erakutsitako «hurbiltasunarekin». «Ez nuen pentsatzen horrelakoa zenik; beste iritzi bat neukan bere inguruan», esan du.

Athleticen zale gehienoi antzeko zerbait gertatu zaigu Raul Garciarekin. Batez ere, Atleticon egin zituen sasoietan nolabaiteko ezinikusia pizten zuen Bilbon. Dena den, elastiko zuri-gorria jantzi zuenetik sekulako maila erakutsi du Athleticen, eta zale guztien onespena jaso du. Horrez gain, langile nekaezina izan da, eta bere nortasuna eta izaera oso garrantzitsua izan da aldagelan. Azken denboraldian gutxi jokatu arren, Kopako finalean erabakigarria izan zen eta ez zuen hutsik egin penalti jaurtiketan.

Titulua irabazita, Legarretaetxebarria familiak zorion mezu bat bidali zion Raul Garciari, eta nafarrak segituan erantzun zien gogoraraziz San Mamesera joateko gonbidapenak mahai gainean jarraitzen zuela. Kasualitatea da ere! Jesus, Katedralean azken aldiz egon zenean, Raul Garciak debuta egin zuen Athleticekin eta gola ere lortu zuen. Bederatzi urteren ostean, nafarraren omenaldiaren egunean han izan zen.

Horrela, lau loben laguntzarekin palkora joan ziren Jesusen ehun urteak ospatzera. Orain dela urte pare bat hildako bosgarren loba, Lander, ere gogoan izan zuten. Haren itzalarekin egindako zapia eraman zuten guztiek. Ohiko dute Fruizkoek oroigarri gisa soinean eramatea festetara edo mendira joaten direnean, eta San Mamesen ere gogoan izan zuten.

Opari ahaztezina izan zen futbolzale familia honentzat; izan ere, Iker Legarretaetxebarria Athleticen harrobian aritutakoa da, eta Bilbao Athleticera iritsi zen. Ugaitz Orbe Legarretaetxebarria, berriz, Gernikarekin jokatutakoa da Hirugarren Mailan. Legarretaetxebarria familikoek Jon Uriarte presidentearekin hitz egiteko aukera izan zuten, baita Iribarrekin ere. Mito zuri-gorriarekin egon zirenean, aitonak aipatu zion Basconian jokatu zuen urtean ezagutu zuela.

Partida amaitutakoan, Raul Garcia hurbildu zitzaien, eta bizikletan ibiltzeko maillot bat oparitu zioten esker onez. Berbetan zeudela, nafarrak hau esan zion Jesusi: «Orain, futbola uzten dudanean, zure etxetik pasatzen naizenean gonbidatuko nauzu kafe bat hartzera, ezta?». Nolakoa den ikusita, ez litzateke harritzeko Raul Garcia berriro Fruizen ikustea. Edo beste edozein tokitan. Horren adibide, derbiaren biharamunean egindakoa. Hamabi kilometro korrika egitera joan, eta amaitzean bi dozena txurro eta txokolate litro bat erosi zuen Iker eta Irune Palacios neba-arrebek Getxoko Andra Marin eduki duten postuan. Horrelakoa da Raul Garcia, futbolari handi bat baino askoz gehiago.