Orain eta hemen erabaki nahi dugu
Ipar Euskal Herriak lehen ezagutza maila administratibo eta instituzionala lortu zuen 2017ko urtarrilaren 1ean, Euskal elkargoa sortuta. Iparraldeko 158 herrietako herriko kontseiluen gehiengoaren bozkaren ondoren sortu zen erakunde hau. Bozketa horiek hautetsien Kontseiluak eta Garapen Kontseiluak egindako lanaren ondoren egin ziren. Gogoratu behar da hautetsien eta Ipar Euskal Herriko jendarte zibilaren gehiengoaren aldarrikapena estatutu bereziko lurralde kolektibitate bat sortzea izan zela. Gaur egun, zilegi da Ipar Euskal Herriak estatutu instituzional berri baten alde bidea hastea, botere legegilea, erabateko autonomia fiskala eta finantzarioa bilduko lukeena eta bere ordezkariak zuzeneko bozkaren bidez hautatuko lituzkeena.
Argi dago Ipar Euskal Herriak, larrialdi klimatiko eta sozialaren aurrean, tresnak behar dituela biztanleen eguneroko beharrak asetzeko, gure bizi-baldintzak hobetzeko. Paristik egindako tutoretzak handitu eta atzeratu egiten ditu hemen eta orain hartu nahi ditugun erabakiak.
Sasoineko etxebizitzei eta urteko alokairuzko etxebizitzei dagokien zergak maila berean emateko proposamenak bizi izan dituen gorabeherak segitu ditugu. Proposamen hori Euskal Herritik dator. Hala ere, eztabaidak eta erabakiak Parisen hartzen dira. Ez litzateke sinpleagoa izanen tokiko erakunde bati bere lurralderako egokiena zer den erabakitzen uztea? Etxebizitzari dagokionez ere, Euskal Elkargoak bere hautagaitza aurkeztu du Etxebizitza Antolatzeko Agintaritza gisa jarduteko. Ezinbestekoa da hautagaitza onartua izatea.
Are gehiago, lur estrategia baten eraikitzeak, alde batetik, eta laborantza lurrak zaintzeko eta etxebizitza eskuragarriak ekoizteko, bestetik, isla izan beharko duelako Euskal elkargoaren barnean ekoizten ari diren tokiko Hirigintza Planetan (PLUi). Artifizializazioan segitzeko tentazioa handia da. Hala ere, gure laborariei bermatu behar diegu beren lan-tresna, lurra, zaintzeko borondate irmoa dugula. Ipar Euskal Herri mailako lur estrategia bat plantan eman behar dugu, herri bakoitzean isla izanen duena, eta bi helburu izanen dituena: urte osoan bizitzeko etxebizitza eskuragarriak ekoiztea eta laborantza lurrak babestea.
Euskararen aldeko mobilizazioak ugaritu egin dira. Egoera argia da: beharrezkoak diren finantza-baliabideak azkar zabaltzen ez badira, euskara desagertzeko arriskua errealitate izanen da etorkizun hurbilean. Kasu honetan ere, Estatuak erantzukizun handia du; izan ere, gure hizkuntzaren onarpen ofizialaz haratago, EEPren barruko edozein finantza-aitzinamendu blokeatu egiten du, brebeta euskaraz pasatzeko aukera zalantzan eman, baxoaz ez du ezta aipatzeko ere denbora «galtzen» eta horren aipatzeko Parisera igo ziren hautetsiak mespretxatu eta 45 minuturen buruan bilkura bertan behera utzi zuen. Gure hizkuntzak, gure Historiak errespetua eta onarpena merezi dituzte. Zalantzarik gabe, Euskal Herrian erabaki, legeak egin eta aurrekontuak egin ahal izanen bagenitu, egoera erabat desberdina izanen litzateke.
Ipar Euskal Herriak justizia sozial eta berdintasun handiagoa behar du bere lurraldeko emakumeen alde.
Euskal Herrian bizi eta lan egiten duten emakumeak anitz dira. Sarritan, pertsonen laguntza arloan, administrazio publikoan, osasunaren esparruan, irakaskuntzan eta abarretan lan egiten dute. Funtsezko jarduera horietan gizonezkoek baino hiru aldiz gehiago denbora partzialean lan egiten dute. Haien soldatak ere neurrigabeak dira, eta orduko ordainsaria gizonena baino txikiagoa da beti lanbide-kategoria guztietan, ezberdintasun gorena koadroen artean izanik %22tik gorakoa.
Bakarrik dauden eta seme-alabak ardurapean dituzten emakumeak guraso bakarreko familien %75 dira, eta ekonomikoki ahulak eta sozialki baztertuak dira.
Alde horiek ezinbestean eragiten dute erretretaren unean, pentsio desberdinak ezarrita. Ezberdintasun horien aurka jardutea ere emakumeen lan-arloko eskubidearen aldeko gizarte-aurrerapenak kontuan hartzea da.
Laneko osasun menstruala eta ginekologikoa kontuan hartzea osasun publikoko kontua da, jakina baita emakumeen %65ek dismenorrea izaten dutela beren bizitza profesionalean, eta horien artean %14k geldialdiak hartzen dituztela.
“Hilekoagatik ezindua geldialdia” proposatuz gero, emakumeek tabu bat altxatu ahal izango dute eta ez dute sufrimendua ezkutuan eduki beharko egunero.
Parisko buruen erabaki baten zain egon gabe, Ipar Euskal Herria aitzindari izan daiteke eta izan behar da neurri hori bere lurraldeko langileen alde ezarriz.
Politika horiek guztiak gauzatu ahal izateko, finantza-, giza- eta politika-baliabideen galdera pausatzen da. Gaurdanik, ezin dugu gehiago egon Parisen hartuko diren erabakien zain Euskal Herriko biztanleei eguneroko hobe bat eta bizi-baldintza duinagoak bermatuko dizkieten proiektuak gauzatzeko. Gaur egun, erronka sozial, klimatiko, eta ekonomikoei buru egiteko, Ipar Euskal Herriak instituzio bat behar du, botere legegilea eta proiektu horiek gauzatzeko finantza-baliabideak biltzen dituena. Erabateko autonomia fiskala behar dugu. Azkenik, etorkizuneko instituzio horren ordezkariak zuzeneko sufragio unibertsalaren bidez hautatu beharko dira. Iritsi da mahai ingurura itzultzeko unea, elkarrekin imajinatzeko zein izan daitekeen etorkizuneko instituzio hori, Ipar Euskal Herriak dituen erronka horiei guztiei aurre egin ahal izateko.