GARA
ERRENTERIA

Gipuzkoan Renferen egoera «onartezina» dela adieraziko dio EH Bilduk Oscar Puenteri

Renferen Irun-Brinkola lineak zeharkatzen dituen herrietako EH Bilduren alkateek gutun bat helaraziko diote Oscar Puente Garraio ministro espainolari, «murrizketak eta zerbitzu kaskarra» salatzeko.

EH Bilduren alkateen agerraldia.
EH Bilduren alkateen agerraldia. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Irun-Brinkola trenbideak zeharkatzen dituen herrietako EH Bilduren alkate eta zinegotzi batzuek gutun bat bidaliko diote Oscar Puente Garraio ministro espainiarrari, Renferen aldirietako zerbitzuaren egoera «onartezina» dela adierazteko eta «gainbehera» gelditzearren premiazko konponbideak eskatzeko.

AHTren hirugarren haria jartzeko eta Loiolako tunelaren galiboa handitzeko lanen ondorioz, Renferen tren zerbitzuan arazo ugari izan dira azken hilabeteetan, eta herritarrei kalteak eragin dizkiete. Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak egoeraren irakurketa egin zuen, eta azken hilabeteetan egin diren murrizketak eta zerbitzu kaskarra salatu zituen, Irun-Brinkolak zeharkatzen dituen herrietako hainbat alkaterekin batera.

AHTren aipatutako lanen ondorioz, apirilaren 29tik aurrera, Aldi Baterako Bide Bakarra ezarri da, Donostiako eta Hernaniko geltokien artean. Ibilbide hori Irun eta Errenteria arteko bide bakarrean dagoenari gehituta, zerbitzuaren kalitateak nabarmen «okerrera» egin du, eta ibilbidea egiteko behar den denborak gora egin. Trenaren erabiltzaileek 2017tik aurtengo apirilaren 29ra arte ordu eta 45 minutu behar zuten, eta 29tik aurrera, berriz, bi ordu.

Halaber, Estatu espainoleko Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioari zein Lakuako Gobernuaren Garraio sailari eskatuko diete «ahalik gehien gutxitu dezatela Adif eta ETS Gipuzkoan egiten ari diren AHTren obrek aldiriko zein distantzia erdiko trenen zirkulazioan eragiten duten kaltea». Azken hilabeteetan, EH Bilduren alkate batzuek mozioak aurkeztu dituzte haien udalerrietan. «Azken hilabeteotan udalerri askotan mozioak onartu ditugu, zerbitzuaren arduradunei zerbitzuaren gainbehera eten dezatela eskatuz», adierazi zuen Otaegik.

Izan ere, zerbitzu hori egunero milaka gipuzkoarrek erabiltzen duten arren, «Adifek, Renfek eta Estatuko Sustapen Ministerioak oso inbertsio gutxi egin dituzte azpiegitura hori hobetzeko».

Mozioak sartzeaz gainera, prentsaurrekoan parte hartu zuten EH Bilduren alkateek iragarri zuten eskutitz bana bidaliko diotela Oscar Puente Garraio eta Mugikortasun jasangarrirako ministroari.

Azaldutako egoera guztia «onartezina» dela salatzeaz batera, Renfe operadoreari urgentziaz eskatuko diote Irun-Brinkola aldiriko zein erdiko distantziaren linean eskaintzen duen zerbitzuaren maiztasunak eta ordutegiak bete ditzala.