Maria DEL RIO
Zuzenbidean doktorea
JOPUNTUA

Ekitaldi handien argi-ilunak

Argia. UEFA Women’s Champions League txapelketako finala izango da bihar San Mamesen. Jada Bilboko kaleetan nabaritzen da ikuskizun handi baten bezperan gaudela; emakumezkoen futbolerako goi mailako nazioarteko ekitaldia da eta. Emakumezkoen futbola ospea eta errespetua irabazten doa pixkanaka-pixkanaka. Horrelako ekitaldiak aproposak izaten dira emakume kirolariek aintzatespen eta babes zabalagoa izan dezaten, emakumezkoen erreferenteen sorrera bultzatzeko eta, zergatik ez, emakumeek protagonismoa izan dezaten. Nabaria da, esaterako, gero eta neska gazte gehiagok erabakitzen dutela futbolean murgiltzea. Era berean, aitortu behar da Bilbo eta Euskal Herria mapan jartzeko lagungarriak ere badirela. Kataluniatik eta frantziar Estatutik etorriko diren zaleez gain, milioika ikusle izango dira gure herria begi-bistan izango dutenak.

Iluna. Aitzitik, horrelako ekitaldiek alde iluna ere badute, eta merezi du horretaz sakon hausnartzea; bereziki, kontuan izanik ekitaldi handiak sustatzeko estrategian bete-betean murgilduta gaudela. Hasteko, kirol-eremuari dagokionez, aitortu behar da ez dutela bertoko emakumezkoen futbolean islarik. Hau da, ikuskizun isolatua baino ez dira, kirol ehunean eragin positibo zuzenik izan gabe. Bestetik, ohituta gaude ekimen horiek inpaktu ekonomiko aparta izango dutela aurreikusten duten titularretara: hotel eta jatetxeen erreserba igoerak, taxisten espektatibak, garagardo salmenta izugarria... Arrakasta neurtzeko parametro bakarrak omen dira eta, antza, dena justifikatzeko gaitasuna dutenak, gainera. Bereziki adierazgarria da zerga-salbuespenak ezartzea erabaki izana. Eztabaidatzeko geratzen da ea beti amen esatea merezi duen. Baina zalantzarik ez dago, ondorio ekonomikoez haratago, ondorio sozialak, ekonomikoak, ingurumenekoak, kulturalak... ere aintzat hartu behar direla eta, adibide gisa, euskararen presentzia alboratzearena. Zer-nolako inpaktua du ikuskizun handien lasterketak sortutako enpleguan, etxebizitzaren merkatuan edo hurbileko merkataritzan?