GARA
BILBO

Itsasadarra eta itsasoa, Juan Ramon Luzuriagaren begietatik

Juan Ramon Luzuriagak Bizkaiko itsas inguruneari buruz eginiko gogoeta biltzen du Bilboko Itsasmuseumek, «Itsasadarra eta itsasoa, JR Luzuriagaren begietatik» erakusketan. Guztira hamabost oliok osatzen dute hautaketa eta, horietan, hareatza adierazgarrien eta iragan industrialaren gaineko irakurketa eskaintzen du.

Luzuriaga eta bere obrak.
Luzuriaga eta bere obrak. (Endika PORTILLO | FOKU)

Bilboko Itsasmuseumek Jose Ramon Luzuriaga margolari deustuarrak itsasadarraz eta itsasoaz egiten duen irakurketa bildu du ‘‘Itsasadarra eta itsasoa, JR Luzuriagaren begietatik’’ erakusketan. Obra bilduma atzo aurkeztu zuten Itsasmuseumen bertan, museoko zuzendari Jon Ruigomezek eta artistak berak.

Orotara Bizkaiko itsas inguruneak erakusten dituzten hamabost margolan biltzen ditu erakusketak, olioak guztiak. Alde batetik, herrialdearen iragan industrialaren gaineko gogoeta eskaintzen dute margook, itsasadarreko irudi industrialak erakusten baitituzte -besteak beste, garabiak, fabrikak eta portuko ontziak erakutsiz- eta, bestetik, Bizkaiko hareatza adierazgarrien paisaiak ere ekarri ditu Luzuriagak Itsasmuseumen hormetara. Horien artean, nabarmentzekoak dira Laga eta Laida hondartzen bi pintura.

Itsasmuseumeko arduradunaren esanetan, «beren sinpletasunagatik liluratzen duten» margoak dira Luzuriagarenak, «gure oroitzapenetan eta irudimenean bizi diren itsas paisaietan aldarte nostalgiko, are bukoliko batera eramaten dutenak».

EUSKAL PAISAIAK OIHALERA

Aurkezpenean gogora ekarri zuten Luzuriaga euskal paisaiak irudikatzen dituen margolari esanguratsua dela. Bere artelanetan, batez ere, itsasadarreko eszenak islatzen ditu, «ikonografiaren iturri agorrezina delako», eta bere lanen artean itsasoko eta hondartzetako irudiak ere ugariak dira.

Era berean, museoko zuzendariak nabarmendu zuen itsasadarrak berak industriaren garapenari lotuta dagoen garrantzia izan duela Euskal Herriko modernitate artistikoan. «Izan ere, XX. mendearen hasieratik, Bilboko itsasadarra oparotasunaren sinbolotzat hartu zen, eta oso gune erakargarria bihurtu zen garaiko arte-sorkuntzarako», ekarri zuen gogora.

Luzuriagaren ibilbideari dagokionez, Bartzelonako San Jorge akademian eta San Fernandoko Arte Ederretako Akademian ikasia da. Martinez Arteaga eskultorearekin marrazkigintzaren teknikan hasi zen deustuarra, eta hasieran bere pinturak Evaristo Valle (1873-1951), Daniel Vazquez Diaz (1882-1969) eta Turnerren eraginak jaso zituen.

1960an egin zuen lehen erakusketa margolari deustuarrak eta, harrezkero, hainbat erakusketatan parte hartu du, banakakoak zein kolektiboak, batez ere Bilbon, baina baita Bartzelonan, Madrilen, Londresen eta Mexiko Hirian ere, besteak beste.

Bere lana Bilbo, Bartzelona, Madril, Londres, Sydney, New York, Mosku eta Pariseko bilduma publiko eta pribatuetan dago, baita Jaurlaritzan, Deustuko Unibertsitatean, Bilboko Portuan eta Bizkaiko Foru Aldundian ere. Ospe handiko bilduma batzuek ere badute Luzuriagaren obrarik.

Bere azken erakusketa kolektibo handia BBVAk antolatu zuen Bilboko San Nikolas aretoan eta bertan Euskal Herriko artea markatu duten Manuel Losada, Aurelio Arteta, Ignacio Zuloaga, Eduardo Chillida eta Jorge Oteiza artistek parte hartu zuten, baita egungo panorama artistikoko izenek ere; Dario Urzayk, Mari Puri Herrerok eta Ignacio Garcia Erguinek, kasu.

Manuel Llano Gorostiza arte kritikariak nabarmendu izan du, besteren artean, Luzuriagaren lana: «Gaiaren arabera, ia bakarra, Luzuriagak monotonia sentsazio oro saihesten jakin badu, horrek asko esaten du bere pinturaren alde. Bere ‘ikuskariak’ bereak dira erabat. Ez erretorikak, ez literaturak ez diote batere eragiten...».

‘‘Itsasadarra eta Itsasoa. JR Luzuriagaren ikuspegiak’’ Carol Iglesias Espazioan ikusi ahal izango da 2024ko ekainaren 30era arte eta sarrera doakoa izango da.