GARA Euskal Herriko egunkaria

Epistemizidioa


Buruko kaskoak, soinean daramatzan kamuflaje arropek eta bularrean gurutzatuta daraman eraso-fusilak salatzen dute bere lanbidea. Soldadu bat da, zalantzarik gabe. Kukubilko jarrita dago, aulki ikusezin batean eserita balego bezala, eroso, esku artean duen liburuari arretaz begiratzen diola. Kontraste bitxia eskaintzen du irudiak; liburuaren eta eraso-fusilaren artean, batetik, eta soldadu ogibidearen eta irakurtzearen artean, bestetik. Bitxia da, jakina, indarkeria eta jakintza elkarrezinak diren ekintza gisa ulertzen badira. Bestelako irakurketa ere egin daiteke, noski. Irakurketaren bidez kontzientzia hartu eta bidegabekeriaren aurrean armak hartzeko deliberoa hartu duenaren irudiaren aurrean egon gintezke. Irakurzalea (omen) den soldaduaren atzean dagoenak zalantzak argitzen laguntzen du. Liburuz beteriko apalategiak dira, sutan. Deskribaturiko eszenak, alegia, ez ditu liburuak, ezta liburuekin loturiko ideiak ere, goresten; haien lepotik barre egiten du. Epistemizidioaren irudia da, bere gordinean.

Gazako Al Aksa Unibertsitateko liburutegian Israelgo Armada okupatzaileak egunotan harturiko argazkia da aipaturiko eszena, eragindako suntsipenaren dokumentu eta ospakizun gisa. Ikasturtea atzean utzi berritan, zera datorkit burura: aurten palestinar ikasleek ez dute ikasketak amaitzerik izan.