MAY. 25 2024 POLIZIA-INDARKERIA ETA ARRAZISMOA George Floyden hilketak Black Lives Matter mundu osora zabaldu zuen Lau urte dira Minneapoliseko Poliziak George Floyd herritar afro-amerikarra hil zuela. Derek Chauvin agente zuria Floyden gainean egon zen 9 minututik gora, belaunarekin eztarria estutuz itotzen zuen bitartean. Beste batzuetan ez bezala, 9.29 minutuko agonia hori bideoz jaso zen, eta sare sozialetan bolo-bolo ibili. AEBetan, eta handik kanpo, protesta jendetsuak ekarri zituen gertaerak berehala. (Ringo Chiu - ZUMA WIRE - DPA | EUROPA PRESS) Urtzi URRUTIKOETXEA Ez zen halakorik gertatzen zen lehen aldia, eta azkena ere ez zen izan. Lehenago eta gerora, asko dira Poliziaren esku hildako estatubatuar beltzak. George Floydek 20 dolarreko billete faltsu bat erabili zuelakoan deitu zioten Poliziari saltoki bateko arduradunek. Agenteek Floydi eskuburdinak jarri eta lurraren kontra eutsi zioten, atxilotuak itotzen ari zela esan arren. Zazpigarren minuturako, konorterik gabe zegoen. Bertatik pasatzen ziren herritarrek gelditzeko esan zieten behin eta berriz Derek Chauvini eta harekin zihoazen beste hiru poliziei, lurrean zuten gizaseme handi hura hiltzen ari zirela ohartaraziz. Bertaratutako agente horiek lekukoak sakabanatzen baino ez ziren saiatu, herritar bat bertan hiltzen ari zelako kezkarik agertu gabe. «I can’t breathe» -«itotzen ari naiz» edo «ezin dut arnasarik hartu»- esan zuen Floydek hil aurretik, eta lelo hura milaka pankartatan eta afixatan zabaldu zen hurrengo egun, aste eta hilabeteetan. Hartarako ere ez zen lehen aldia, ezta bigarrena ere. Poliziaren esku hil diren hamar lagunetik zazpik esan duten esaldia da. Aurki hamar urte beteko dira esaldi hura famatu zuen tragediatik: New Yorkeko polizia batek Eric Garner-i legez kanpoko mugimendu bat egin zion atzetik lepotik helduz, bertan ito zuen arte. «Itotzen ari naiz» leloa NBAko kamisetetara iritsi zen, eta Barack Obamak berak hitz egin zuen LeBron James jokalariaren erabakiaren alde, une hartan iritsiko zitzaizkion kritikak isilaraziz. George Floyd ia bi metroko eta ehun kiloko gizona zen. Behin eta berriz esan zuen ezin zuela arnasarik hartu. Handik astebetera, Donald Trumpen aurkari demokrataJoe Biden presidentegaiak «ezin dut arnasarik hartu» esaera birritan gogoraraziz hasi zuen mitin bat, nabarmenduz hitz horiek ez zirela Floydekin hil. «Oraindik entzuten dira. Nazio guztian zehar daukate oihartzuna». Barack Obamaren presidenteorde izandakoak ondo zekien zein den herrialdeak arrazismoarekin duen oinarri-oinarrizko arazoa, eta zeinen txertatuta dagoen gaitz hori Polizian. ARRAZISMOA, EGITURAZKO ARAZOA Poliziaren indarkeria azaltzean ezinbesteko elementua bihurtu da arrazakeria. Gaitza are larriagoa bihurtzen dute Ameriketako Estatu Batuetan kontrolik gabe dauden milioika armek; bistan da Mendebaldeko herrialde gehienetan bestelako trataera bat izan lezaketen egoeren aurrean AEBetako poliziek daukaten estres unea. Baina hori polizia indarkeriaren nolabaiteko azalpena izango balitz ere, inola ere ez luke arrazismo estrukturala azalduko. Haurtzaroa amaitzearekin batera, Estatu Batuetako familia beltz guztietan egoten da gainerako familietan mahai gainean ez dagoen solasaldia: zer egin, Poliziak geldiarazten bazaitu? Guraso guztiek etxeko nerabe guztiei -mutilei, batez ere- egiten diete azalpen hori 9-10 urte dituztenerako, edo txikiagotan. Nerabezaroan aurrera egin ahala, beldurra are handiagoa da. Testuinguru horretan sortu zen 2013an #BlackLivesMatter traola -«beltzen bizitzek ere axola dute», edo, libreago, «beltzen bizitzak garrantzitsuak dira» itzul liteke-, Alicia Garza, Patrisse Cullors eta Opal Tometi aktibisten eskutik, Floridan Trayvon Martin 17 urteko mutila tiroz hil zuen pertsona absolbitu zutenean, beste behin agerian geratu baitzen zeinen merke irteten zen nerabe beltz bat hiltzea. Interneteko plataforma bat eratu zuten koordinaziorako. Hurrengo urtean Missourin Michael Brown eta New Yorken Eric Garner hil zituztenean, egun ezagutzen dugun mugimendu deszentralizatua mundu osoan ezagun egin zen. 2015ean, Baltimoren, Freddie Gray atxilotuta zegoela hil zenean, istilu larriak izan ziren. Handik gutxira etorri ziren aurkako mugimenduak ere, eskuin muturretik Poliziaren alde eratu zen Blue Lives Matter, kasu -«bizitza urdinek axola dute», polizien uniformea aipatuz-. Zuri-beltzeko AEBetako banderan, marra urdin bat izan ohi dute mugimendu horretako afixek, eta ohikoak dira zenbait etxetako atarietan eta autoetan. Eskuin erreakzionario horren eskutik iritsi zen Donald Trump Etxe Zurira 2016an. Herritar beltzentzat aski larria zen egoerak okerrera egin zuen berehala. Charlottesvillen, hurrengo urtean, Eskuina Batu izeneko mugimendu ultren, supremazisten eta neonazien bilkuran, Heather Heyer militante antifaxista hil zutenean, bi aldeetan «jende ona» dagoela bota zuen presidenteak. AURTEN BEZALA, HAUTESKUNDE URTEA ZEN Chauvin eta beste agenteak lehendabizi kaleratu eta gero auzipetu eta espetxeratu bazituzten ere (22 urteko zigorra ezarri zioten Chauvini), Donald Trumpek berariaz bilatu zuen polarizazioa, supremazismo zuriaren aliatu bihurtuta. Covid-19aren pandemiaren erdian, uda oso beroa izan zen. Black Lives Matter-en barruan berrogei talde inguru zeuden ordurako, eta bertako eta Antifako kideen kriminalizazioari ekin zion presidenteak. Hala, 2020ko abuztuan Kenoshan (Wisconsin) poliziak Jacob Blake beltza tirokatu ostean piztutako protestetan, Kyle Rittenhouse supremazista zuriak bi manifestari hil zituen tiroka. Gerora, absolbitu egin zuten. «I can’t breathe» -«itotzen ari naiz» edo «ezin dut arnasarik hartu»- esan zuen Floydek hil aurretik, eta lelo hura milaka pankarta eta afixatan zabaldu zen gerora