GARA Euskal Herriko egunkaria

«Lurrina Balenciagaren garaian» erakusketa, usaimenaren bidezko kronologia bat

Ikusmenaz gain, usaimena aktibatuta joan beharko du bisitariak Getariako Cristobal Balenciaga museora. Laugarren aretoan «Lurrina Balenciagaren garaian» erakusketa jarri dute, Igor Uriaren komisariotzapean. Balenciagaren bizitzaren kronologiaren baitako lurrinak eta horiekin loturiko elementuak daude museoan ikusgai.

Lurrinak, hauen ontziak eta osagarriak, guztiak daude erakusketan. (CRISTOBAL BALENCIAGA MUSEOA)

«Perfumea modaren behin betiko osagarri ikusezina da» esan zuen Chanelek, eta ohikoena ez bada ere, lurringintzaren mundua iritsi da erakusketa aretoetara. Getariako Cristobal Balenciaga museoan “Lurrina Balenciagaren garaian” erakusketa aurkeztu zuten atzo eta maiatzaren 28tik aurrera egongo da ikusgai. Balenciagaren bizitzarekin bat datorren kronologian oinarrituta, erakusketak perfume modernoaren historia azaltzen du, 1895-1972 garaikoa. Hala azaldu zuen Igor Uria komisarioak.

Hiru erakusketa-aretok osatzen dute lurringintzaren inguruko erakusketa hau. Guztira 800 pieza bildu dira: «Goi-mailako lurringintzako piezez gain, XIX. mendearen bigarren erdialdetik aurrera kimika sintetikoaren aurrerapen ikusgarriez baliatu zen negozio hasiberri horren berezko osagarriak jasotzen dira. Askotariko artisau, diseinatzaile eta artistek sortutako ontziak, kutxak, hauts-kaxak, erakustokiak eta publizitate materiala; horietako batzuk, benetako artelanen mailan daude».

KRONOLOGIA BAT

Uriak kontatu zuen Balenciagak bere azken urteetan oso elkarrizketa gutxi eman zituela, eta eman zuen batean lurrina izan zuela aipagai. Getariarrak esan omen zuen Casa Torreseko markesari usaindu ziola lehendabiziko aldiz «goi mailako lurrin bat». Garai hartan Casa Torreseko markesak uda Getarian igarotzen zuen, eta elizatik ateratakoan, kalean gora zihoazela, usaindu eta jakin omen zuen azken tendentzien berri.

Lehen aretoa XIX. mende amaiera eta XX.aren hasieran kokatzen da, «lurrigintza modernoaren sorreran», azaldu zuen Uriak. Donostiari eginiko keinua ere jasotzen da zati honetan; izan ere, Balenciaga Venegas izeneko bizartegira joaten zen, Gipuzkoako hiriburura, eta bezeroak atondu ostean emateko perfume bat sortu zuten. Denborarekin lurrindegia ere bihurtu zen Venegas.

Moda diseinatzaileak eta lurrinak elkartzen ditu bigarren aretoak; Chanel, Dior eta Balenciaga bera izan daitezke adibide ezagunenak. ‘Le Dix’, 1947. Hori da Balenciagaren lehen lurrina, eta lehen jantzi-denda irekitzearekin batera jarri zuen salgai. Francis Fabron perfumegileak egin zuen, Balentziagaren esanetara, «perfume gozo eta erromantikoa, Pierre Caminen kristal ildaskatuzko diseinuaz lagunduta». Orduz geroztik, beti ontzi bera erabili zuen Balenciagak, etiketa bakarrik aldatzen zion.

Azken aretoa da esperimentalena: sarreran zazpi usain familiak azaltzen dira eta, ondoren, aretoaren erdian hamar lurrinontzi, barruan garai bakoitzeko lurrin bat dutenak. Uriak azaldu zuen Versaillesen dagoela lurrinen lehen kontserbatorioa, Osmotheque izenekoa, eta erantsi zuen bertan egiten den lanari esker lortu dituztela perfume horiek.

Garai bakoitzak «modako usain» bat omen du, eta horretara «ohitzen» garela gaineratu zuen.