GARA Euskal Herriko egunkaria

Rebelde


Errelatoa ala kontakizuna, ez dakit nola deitu; transmisioa, ausaz. Egia erran, pisu handiko hitzak bihurtu dira gure herriaren bilakaera honetan, zama ere bai beharbada. Eneko Bidegaini leitu nion “Errelato” ez dela ez Orotariko Euskal Hiztegian ez Euskaltzaindiaren Hiztegian agertzen, gaztelerazko “Relato” hitzaren euskaratze trakets bat dela. Zizelkatuta gelditu zait azalpen hau; nork eragin duen, zergatik, galderen miaketen hausnarketan datza. Kontakizunak ikuskizuna ekartzen dit, eta transmisioa, zer transmititu?, nehork ba ote daki? Sufrimendua ala bizipena, galera ala lorpena, norena? Ai, ama. Kontua ez baita zer egin, kontua izan daiteke zer erran, kontua da nori zer kontatu, eta nola kontatu, eta… ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, ez horixe.

Irrintzi films-en eskutik Josu Urrutikoetxeari buruz lau kapituluko telesail dokumentala aurkeztuko dela jakin dut, “Rebelde”, “Erre” gabe, maiatzaren 30ean. Streaming bidez izango da, alokatu egin behar da. Tira, sartu haien webgunean eta jaso informazioa. Esaldi honek ikusmina sortu dit: «Gazteek ez dezatela pentsa gaur egun bizi duten Euskal Herria zerutik euria bezala etorri zaienik. Lortutako lorpen guztiak Euskal Herri aske eta independente baten alde modu anonimoan borrokatu duten milaka eta milaka gizon-emakumeri esker izan dira. Borroka delako bide bakarra».