Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Jonas Mekas

Lortu dut. Lortu dut edertasun apur bat hartzea, zoriontasun apur bat… Ez dut ezer gehiagorik egin…, edertasun apur bat, badena, hor dagoena…, lortu dut eta zoriontsua naiz». Jonas Mekas artistaren hitz hauekin amaitzen da bere bizitzaren eta lanaren gainean KD Davison zuzendariak egindako “Fragments of paradise” filma. Mekas ezinbesteko erreferentea da underground kultura ulertzeko eta, batez ere, Estatu Batuetako abangoardiako zinema ezagutzeko. Sortzeko askatasun osoa aldarrikatu zuen, honek bide anitzak eta noranahikoak eskaini zizkiola, zineman, poesian eta adierazpen bide berrien arakatzean.

Mekasen bilaketa horrek Oteizaren hitzak ekartzen dizkit gogora, esaten zuenean eskulturak egitean bere helburua gizakiaren arima bilatzea zela. Izan ere, sormenean bilaketa bat dago, mami bat, hori adierazten den euskarriaz harago. Eta ideia honek ipuin kontaketara nakar. Ipuinak kontatzeak, sormen bide gisa hartuz, gogoetak eta galderak ekarriko ditu berekin, bilaketa bat, ipuina bera horretarako tresna bat besterik ez dela. Ipuinak kontatzea gizakiak mundua eta bere izatea ulertzeko kontakizunak asmatu zitueneko bilaketa horretan sartzea da. Eta, agian, egunen batean esango dugu: lortu dut edertasun apur bat hartzea, zoriontasun apur bat.. Ez dut ezer gehiago egin…