GARA
ESKUBALOIA

Alvarez: «Gascan irabaztea lagungarria izango da bigarren partidarako»

Bera Berak Ligako finaleko joaneko neurketa jokatuko du gaur, Elxen kontra, Donostian (19.30). Aurkaria European Cup irabaztetik dator. Liga irabaztea «denboraldi bikaina biribiltzea litzateke», adierazi du talde donostiarraren entrenatzaileak.

Imanol Alvarez, Super Amara Bera Beraren partida batean.
Imanol Alvarez, Super Amara Bera Beraren partida batean. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

«Nahi genuen tokian gaude, titulu guztiak lortzeko lehian, eta orain ligako finala dagokigu», adierazi zuen atzo Imanol Alvarezek Guerreras Iberdrola Ligako finaleko lehen partida jokatu aurreko azken entrenamenduaren aurretik, Elx aurkari dutela (Gascan, 19.30ean).

Liga irabaztea «denboraldi bikaina biribiltzea litzateke». Alvarezek bere taldearekin duen konfiantza agertu du. Elxek European Cupeko finala irabazi zion Iuventa Michalovceri, eta Ligako finaleko lehen partida gaur bertan jokatu behar du. Gascak sarrera bikaina izango du.

Super Amara Bera Berak maiatzaren 19an Malagan jokatu zuen azken partida. «Kopako jipoia eta luzapenean erabaki zen Costa del Sol Malagaren aurkako kanporaketa gogorrak utzitako nekeak atzean utzita» eta fisikoki suspertuta, Alvarezek bere taldea «txapelketan sartu» nahi du orain. «Liga finala izanik, Gascaren zaratarekin ziur nago benetako taldea agertuko dela», esan zuen. Bere ustez, «lehen norgehiagokak berebiziko garrantzia du». Lehiaketa sistemak, liga erregularreko txapelduna denez, «abantaila txiki bat ematen dio Elxi. Baina irabazten badugu, presio bikoitza sortuko dugu, Malagaren aurkako finalerdian bezala. Hau da, bihar irabazteak bigarren partida hori jokatzen lagunduko liguke». Hori bai, ohartarazi du, «Joaquinek [Rocamora] ondo prestatzen ditu horrelako partidak», eta horregatik garrantzitsua izango da «partidan ondo sartzea».