GARA Euskal Herriko egunkaria

Jai batzordeen «betoen» aurka eta konponbideen eske agertu dira 150 kulturgile

Agiria sinatu duten batzuen agerraldia, atzo. (O. MATXIN EDESA | FOKU)

Euskal Herriko 150 bat kulturgilek ‘‘Artistok denontzako jai herrikoien alde!’’ idatzia sinatu dute, GKSri eta Etxebizitza Sindikatuari Gasteizen eta Luberri konpartsari Bilbon txosnetan jarri zaien «betoaren» aurka eta egoerak konponbide bat behar duela adierazteko.

«Herri jaietako parte izateak eskubide unibertsala izan behar du. Horregatik, ulertezina egiten zaigu ezarritako betoa. Nork bere izaera eta aldarriekin, jaiak gozatzeko eta ospatzeko espazioa izan behar luke, elkarrekiko tolerantziaz», adierazi zuten atzo Josu Zabalak eta Hedoi Etxartek, sinatzaileen izenean, Bilboko Kafe Antzokian.

Sinatzaileen arabera, «elkarbizitza arauak errespetatuz, laguntzeko prest dagoen edozein erakundek» izan behar du jai batzordeetan parte hartzeko aukera. Horrenbestez, bideak ireki daitezela galdegin zuten.

Sinatzaileen artean dira Joseba Sarrionandia, Bernardo Atxaga, Amets Arzalluz, Julio Soto, Aroa Arrizubieta, Itziar Ituño, Karra Elejalde, Jone Laspiur, Antton Telleria, Fermin Muguruza, Gari, Niko Etxart, Merina Gris, J Martina, Kiliki Frexko, El Drogas edo Rodeo.

ERABAKIEN NONDIK NORAKOAK

Arazoaren iturburua hobeto ulertzeko, Gasteizko eta Bilboko jai batzordeen erabakietara jo beharra dago. Gasteizko Txosna Batzordeak iazko ekainean zabaldu zuen oharrean adierazi zen ez dela beto politikorik izan, «elkarbizitzarako trabak» baizik: «Izan ere, Gasteizko Txosnak osatzen dugun kolektibo askok, bi kolektibo hauekin [GKS zein Etxebizitza Sindikatua] Gasteizko Herri Mugimenduan izandako esperientzia ezberdinek elkarlanerako borondate eza erakutsi izan dute, horrek momentu eta esparru ezberdinetan gatazka ugari sortu dituela».

Antzeko bidetik, Bilboko Konpartsek ere goitik behera ukatzen dute beto politikoa dagoenik. Elkar ezin ulertuak eta arau orokorrekiko errespetu faltak eragin dute txosnagunetik kanpo uzteko erabakia, haien esanetan.