EDITORIALA

AHTko inbertsioak aldiriko zerbitzua hustu du

Brinkola eta Irun arteko Renferen aldiriko zerbitzua murriztu egin dute, AHTren obrak direla eta. Loiolako tunelaren galiboa handitzeko lanen ondorioz, linea operatibo bakarra dago eta trenen maiztasuna jaitsi da. Horrez gain, bidaia denbora ere handitu egin da, abiadura muga maximoa murriztu egin baitute. Duela hamar egun ere EH Bilduko alkateek salatu zituzten murrizketak eta zerbitzu kaskarra, Oscar Puente Garraio ministro espainiarrari kexazko gutuna bidalita.

Egoerak ezin hobeto erakusten du azpiegitura-obra handiek zer eragin izan duten herritarrek erabili ohi dituzten azpiegituretan. Proiektu handiek aurrekontuaren zatirik handiena bereganatzeaz gain, obra handi horiek normalean erabiltzen diren azpiegiturek behar dituzten birgaitzea eta hobekuntzak geldiarazten dituzte, ez baitaude baliabideak gauza guztietarako. Infrakapitalizazio horren ondorioz, kasu honetan bezala, edozein hobekuntzak ohiko zerbitzuak geldiarazten ditu, eta kalte handia eragiten die garraio publikoa erabili ohi duten pertsonei. Uste izatekoa da egoera hori obra faraoniko horren barruan planifikatuta egon behar zela, eta, ondorioz, botere publikoek hartu beharreko neurriak hartuko zituztela erabiltzaileei eragozpen ahalik gutxien eragiteko. Begi bistakoa da hori ez dela gertatu. Are gehiago, Azahara Dominguez Gipuzkoako Mugikortasun diputatuak atzo Batzar Nagusietan aitortu zuenez, trenbideko obrek eragiten dituzten arazoak konpontzeko modua «aztertzen» ari dira. Hobe berandu inoiz ez baino, dio herri jakituriak.

Egia da trenbideen azpiegiturak eta aldiriko zerbitzua Estatuaren eskumena direla. Baina egia da, halaber, otsailean aldirietako transferentziarako akordio bat sinatu zela. Izapideak osatu ezean, akordio horrek Estatuko Administrazioaren eta Tokiko Administrazioaren arteko koordinazio handiagoa ahalbidetu behar zuen, egungo kaosa saihesteko. Transferentzia sinatzean, 400 milioi euroko ehun jarduketa inguruko inbertsio plan bat gauzatzea aurreikusi da. Egungo zerbitzu eskasa ikusirik, ohiko erabiltzaileei zerbitzu ona emateko nahikoak izango ote diren galdera airean geratzen da.