GARA Euskal Herriko egunkaria

Argiago begiratzen laguntzeko, begiaren akatsetik idatzia

«Presbiziak lagundu omen digu» poema liburua argitaratu du Edu Zelaieta Antak, mende erdiaren bueltan, gorputzaren eta gogoaren bilakaera pertsonaletik abiatuta, kolektiboaren beharra nabarmenduz, besteen gorputz zimelduekiko elkarrizketara joz.

Edu Zelaieta eta Itziar Rekalde, Gasteizko Mendia optikan egin zuten irakurketa optiko-poetikoan. (Raul BOGAJO | FOKU)

“Presbiziak lagundu omen digu” poema liburua plazaratu berri du Edu Zelaieta Antak. Haren aitortza eta begiratuaren berri jakiteko, baina, epilogora jo beharra dago, poeta besoak luzatzen hasi zeneko egunetara, hain zuzen. Hori egin beharra sumatu zuen pandemia garaian, eskuan zuena hobeto ikustearren. Aldez aurretik ohartarazten du: «begiaren akatsetik» idatzia. Gorputz eta gogo endekapenen gaineko kontzientziatik.

Berrogeita hamar urtetsurekin egin zitzaion bere egoeraz idazteko gogoa, gertuko gauzak garbi ikusteko zailtasuna hasten denean, eta poema bilduma hau dakar orain opari. Gordin, zintzo, atsegin, jantzi baina apal, batzuetan ironiaz, bestetzuetan jostari.

Hala dio Iratxe Retolaza idazle eta literatura kritikariak epilogoaren aurretiko iruzkinean: «Ikusmena endekatzeak munduan egoteko eta munduari begiratzeko moduetan dakartzan aldaketak ditu poesia-gai, gorputzaren gramatika berri bihurturikoak: antiojo-dantzetan gorpuzturiko keinuak, fokatze ariketa etengabeetan zimurturikoak, eta abar. Besteen begiraden moldea ere eraldatzen dituzten gorputz-kokatze berriak».

SINGULARRETIK PLURALERA

Beregandik hasi zen, beraz, baina laster «gugana» egiteko. Hartara, “Presbiziak lagundu omen digu” argitaratu baino lehen, izenburu bereko poema musikatu zuen Mugaldekoak taldeak, Zelaieta bera kide duenak, liburuan dagoen QR kodea eskaneatuz entzungai dagoena. Gero, Gasteizko Mendia optikan esku-hartze poetikoa egin zuen. Ondoren, Pamielako lagunekin liburua aurkeztu zuen Donostian, eta joan den astean, Andre Maria plazako Mendia optikaren parean, Itziar Rekalde antzerkilari eta ipuin kontalariarekin batera, poesia emanaldia egin zuen, publikoarekin poetaren pluralerako arreta partekatuz.

Poemek aipu bana daukate, «bakarkako irakurketetan bakarrik ez nagoela sentiarazi nauten» hainbat egilerenak.

Hiru atal ditu poema bildumak. “Presbiziak lagundu omen digu” da lehena, zahartzeaz, «ertaina» izateaz, «lasterkraziaren» aurka egin beharraz, baztertutako ametsez eta, «batez ere», amets egin beharraz diharduena. Bigarren atala, “Singularraren pluralak”, aurrekoen eta ondokoen zaintza lanak edo ospitaleetako orduak ditu hizpide. Hirugarrena, “Estrabonen denboran”, orainaren irakurketa poetiko eta kritikoa da. Gaur egungo gai etsigarriak, betiko gai eta kontu etsigarriak.

Poemok irakurritakoan, erraz egingo du norberak Retolazaren hitzekin bat: «Lagundu omen digute poemok begi ertzak lainotzean ahots lagunak gorpuzten, eta galdera partekatuetarantz urratsak egiten».