GARA Euskal Herriko egunkaria

«Loratzen»: Kotto Altzugurenen filma egiteko herri ekimena

2025ean 20 urte beteko dira Jose Angel Altzuguren beratarra Soriako espetxean hilda aurkitu zutenetik, eta dokumentala sortzeko diru bilketa hasi dute haren herrikide eta lagunek. Haiengan bizi da Kotto, eta «Loratzen» izena jarri diote filmari, «botatako zuhaitzetik basoak zerumuga berrietara zabaltzen segituko baitu».

Espidobaita Elkarteko lagunak, Kottoren arrebarekin batera, dokumentalaren ekimena aurkezten, Berako plazan. (LABRIT ONDAREA)

Zuhaitzak, edozein izaki bizidunek bezala, bizi ziklo ezberdinak zeharkatzen ditu. Adaxkaren zaurgarritasuna, gaztetasunaren grina, helduaroaren sendotasuna, eta azken urteen zimeldura motela. Tartean, ordea, badira aizkoraz edo motozerraz moztu eta hiltzen dituzten arbolak. Hala irudikatzen dute Jose Angel Altzuguren Perurena beratarraren kasua haren lagun, herrikide eta senideek. Oroitu dutenez, «bertze hainbat euskal herritar bezala, espetxe politikak gupidagabe hartu zuen Kotto, baldintza gizagabeetan azken mugaraino estutu eta bizitzen jarraitzeko indarrak galarazi arte».

Torturak zauri sakonak eragin zizkion. Bi aldiz espetxeratu zuten, eta bigarren aldian, Soriako kartzelan sartu eta egun gutxira, 2005eko urriaren 31n, pertsona arrotz baten deia jaso zuten etxekoek, urrutitik egina, Kotto hilik aurkitu zutela erranez. 39 urte zituen.

Berako Espidobaita Elkarteak dokumental baten proiektua abiatu du, heldu den urrian estreinatzeko helburuarekin. 20 urte beteko dira Altzugurenen heriotzatik, eta filmak kartzela politika salatuko du, oraindik presoak hiltzen baitira Euskal Herriko espetxeetan. Baina bizia izanen da ardatza, bizizalea zelako Kotto. Kirola maite zuen, futbolari aparta eta mendizale amorratua zen; Berako kultur ekimen guztien laguntzaile eta parte hartzaile nekaezina; herrian izan den zinegotzirik gazteenetakoa, gazteena ez bada; zurgina; euskararen eta Euskal Herriaren defendatzaile sutsua.

Labrit Ondareak ekoitziko du filma, eta 45 minutuan dozena bat elkarrizketa biltzea da asmoa, beratarraren alderdi ezberdinak oroitzeko eta pasarte barregarriak ere kontatzeko, umorea sobera zuen eta. Ttipi Ttapa Fundazioari esker, Kotto prentsaurreko, ongietorri eta bertzelako ekimenetan ageri den bideoak lortu dituzte, Espidobaitan eta etxean jasotako denetariko argazkiez gain. Altxor horiekin guziekin belaunaldi berriei pertsona berezi hau ezagutaraztea da xedea, baita fokua bere bizian eta egin zuen ekarpen ikaragarrian jartzea ere.

“Loratzen” izenburua jarri diote dokumentalari, «zuhaitza zitalkeriaz moztuta ere, hura basora erortzean bizitzak zerumuga berriak bilatzen dituelako eta eroritako arbola basoarentzat ongarri delako».

Finantziazioa lortzeko, diru-bilketa kolektiboko kanpaina bat hasi dute. Itsulapikoa.eus atariaren bidez egiten ahal da diru ekarpena, ekainaren 10era arte.

HAUR BIXI ETA BIHURRIA

Berako Olanbarrena etxean jaiotako semea zen Jose Angel Altzuguren Perurena, hiru anai-arrebatan txikiena. Mari Jose arrebak kontatu digunez, gero etxe berria egin zuten, azpian zurgin tailerrarekin, eta hara joan ziren. «Bederatzi urte gazteagoa izanik, bizimodu diferentea izan zuen. Ume bihurria zen, bixia, hagitz polita. Bederatzi hilabeterekin jada oinez joan zen. Abesti bat egin zioten, erdaraz, orduan erdaraz solastatzen ginelako».

Amak lan egiten zuenez, Mari Joseri anaia ttikia zaintzea tokatu zitzaion. Kalean bizi ziren, baina aita baserrikoa zuten eta sarri joaten ziren harat. Nahiz eta Elektrizitatea ikasi, Kotto zurgina izan zen anaiarekin batera, aitaren ogibideari jarraituz. Futbolari ona zen, eta Berako Gure Txokoan ez ezik Lesakako Beti Gazten eta Irungo San Marcial taldean ere jokatu zuen. Mari Jose Irunen bizi zen ordurako, eta haren etxean gelditzen zen. «Ez zitzaion gustatu bizimodu hura, eta Berara bueltatu zen. Lagunak hemen zituen».

«EUSKARA EGIN EZEAN, HILTZEN DA»

Anaiaren esaldi bat gelditu zaio Mari Joseri: «Euskaraz ez bada egiten, hiltzen da». Aitak euskaraz mintzatzeko erraten zien etxean, eta Kottok gauza bera egiten zuen lagunartean, kalean gehienbat erdaraz egiten zen garaian. «Kottorekin beti euskaraz egin behar zen», erran du Basilio Zapiain adiskideak.

Eskolan ezagutu zuen berak. Futbolean elkarrekin jokatu zuten. Pilotan ere aritu zen Kotto. Behin, finalera iritsi baina ez zen partidara azaldu, amuarrain arrantzan luzatu zelako.

Jarrai-n militatzen hasi zen, eta 18 urterekin Berako zinegotzi izan zen. «Zerbait egin behar bazen, beti prest zegoen».

Asier Kalderonek ez zuen ezagutu. Kotto hil zelarik 15 urte zituen. Halere, kasualitatea, urruneko senideak dira. Mugaz gaindi egin zuen lana nabarmendu du, bereziki saratarrekin. Euskaldun guztiak senideak eta parekoak garela defendatzen zuen. Hain justu, Lizuniagako aduanako hesia puskatzen harrapatu zuen guardia zibilak.

Eraikitako harremanen adierazgarria da urtero omenaldia egiten denean Saratik ere jendea etortzea.

Basilio ttikia zenean Urtezahar egunean “Dios te salve”-a kantatzen zen baserriz baserri. «Horren zain egoten ginen. Gero ohitura galdu zen. Baina Kottori aipatu nion, eta segidan hasi ginen. Ez genuen ideia handirik bertsotan, baina kopla zaharrak berreskuratu eta berriak sortu genituen. Baserri batean, Kottok koplak nahasi zituen, eta irriz lehertu ginen denak».

Mari Jose aunitz oroitzen da anaiaz. «Poza ematen dit jendearengan anaiak bizirik segitzen duela ikusteak».

2001ean atxilotu zuten lehenengoz. Berarekin batera anaia nagusia ere eraman zuten. «Egun bat eduki zuten anaia nagusia, eta psikologikoki xehatua itzuli zen. Kottori, berriz, ama hila zela erran zioten poliziek, eta harek sinetsi zuen».

Torturatu egin zuten, eta gero lau urtez eduki zuten preso. 2005eko ilbeltzaren 5ean askatu zuten. «Erregeen oparia» izan zen. Baina urriaren amaieran berriro gatibu hartu zuten. Ordurako ez zen pertsona bera, depresioa zuen eta medikazioa hartzen zuen. Hori jakinda, isolamenduan sartu zuten, bertze urtebete betetzeko.

«Larunbatean bisitan joan ginen anaia eta ni. Eta astelehenean jada hila zen».

Sendiak babes handia sentitu zuen hasieratik herriaren aldetik. «Bere irudia ikusten nuen eliza ondoan, eta ‘ze prestatu duzue!’ erraten nuen nire artean. Hunkigarria izan zen. Soriatik etortzean Nafarroan sartu eta lehen herrian ongietorria egin ziguten. Zubietan eta edozein tokitan ikurrinak eta jendea ikusten genuen. Eskertzekoa da zer gauza egin dizkioten».

Urtero omenaldia egiten diote Kottori, eta Otsandako kaskora joaten dira. Bista politak ditu. Amarekin egon zen bertan Kotto. Ama semea hil eta hiru urteren buruan hil zen. Horretaz gain, lagunek haren urtebetetze egunean mendi irteera eta bazkari bat egiten dute. Bi urtetik behin Korrikaren kilometro bat ere hartzen dute. Espidobaita Elkarteko kideek dioten bezala, itzal handiko zuhaitza zen Kotto, eta basoak loratzen jarraituko du, zerumuga berrietara.