Manex ALTUNA
ATHLETIC

Agirrezabala eta Simon lotuta, San Mameseko atea «ondo babestuta»

Simonek 2029ra arte luzatu zuen kontratua joan den astean, eta Agirrezabalak 2027ra arte berritu du. Mikel Gonzalez kirol zuzendaria oso pozik agertu zen, eta nabarmendu zuenez, Europako atezain bikote «onenetariko» bat dauka talde zuri-gorriak.

Agirrezabala, Iribar, Uriarte eta Mikel Gonzalez kirol zuzendariarekin, San Mamesen.
Agirrezabala, Iribar, Uriarte eta Mikel Gonzalez kirol zuzendariarekin, San Mamesen. (ATHLETIC CLUB)

Athleticek «ondo babestuta» izango du atezain postua epe ertainera. Eurokopara joan aurretik, Unai Simon lotu zuen 2029ra arte, eta atzo Julen Agirrezabalak kontratua 2027ra arte luzatu duela jakinarazi zuen. Mikel Gonzalez kirol zuzendariak klubak bidalitako adierazpenetan azpimarratu zuenez, albiste oso pozgarriak dira Athleticentzat. Bere esanetan, Europako atezain bikote «onenetarikoa» osatzen baitute.

Gainera, oraindik gazteak dira. Unai Simonek 27 urte egingo ditu ekainaren hasieran, eta Julen Agirrezabalak 23 urte ditu. Errenteriako atezainak onartu zuen lehia «sutsua» daukatela atezain postuan, baina uste du bientzat ona dela. «Athleticen atea ondo zainduta dago», azpimarratu zuen.

Mikel Gonzalezek ere antzeko hitzak erabili zituen bi atezainen arteko lehiakortasun hori taldearentzat ona dela azaltzeko. Simon izan da atezain titularra Ligan eta Zamora garaikurra irabazi du. Agirrezabala, berriz, Kopako garaipenaren ikurretako bat izan da. Gutxiago jokatu arren, maila bikaina duela erakutsi baitu.

Datorren denboraldian Athleticek lau txapelketetan parte hartuko du. Izan ere, Liga eta Koparekin batera Europa Ligan eta Superkopan arituko da. Partida gehiago egongo dira; beraz, jokatzeko aukera gehiago. Agirrezabalak argi dauka orain arte moduan gogor entrenatzen jarraitu beharko duela ahalik eta partida gehien jokatzeko.

2027RA ARTE, GUTXIENEZ

Julen Agirrezabala atezainak gutxienez 2027ko ekainaren 30era arte jarraituko du Athleticen, eta taldeak alde bakarretik beste bi urte luza dezake kontratua, 2029ra arte. Errenteriako atezain gaztearentzat kontratua berritzea «aurrerapauso» bat da bere kirol ibilbidean, eta «gehiago» nahi duela gaineratu zuen.

Athleticek bere webgunean jakinarazi zuenez, Agirrezabalaren kontratu berriaren sinadura San Mamesen egin zen Jose Angel Iribar, Jon Uriarte presidentea eta Mikel Gonzalez futbol zuzendaria bertan zirela. Klubetik aipatu zutenez, data sinboliko batean sinatu zen berritzea. Izan ere, 44 urte bete ziren Athleticen eta Realaren arteko derbian Iribar omendu zutenetik. Atezain ohi zarauztarra Athleticen ikur handiena da, partida gehien jokatu dituena eta Simon eta Agirrezabalarentzat ispilu bat, bi atezainek aitortu dutenez.



Balenziagak ez du Deportivon jarraituko

A Coruñako Deportivok ikasturte bikaina egin du, eta Bigarren Mailara igo da. Mikel Balenziaga, Lucas Perez aurrelaria bezalako beteranoarekin batera, Imanol Idiakezek zuzendutako taldearen zutabe nagusienetako bat izan da futbol profesionalera itzultzeko. Izan ere, Zumarragako atzelariak 30 neurketa baino gehiagotan parte hartu du Lehen Federazioa Mailan, 2.500 minututik gora jokatu ditu eta gol bat egin du.

Hala ere, atzo jakinarazi zuen ez duela Bigarren Mailan jokatuko, eta uko egiten diola datorren urterako daukan kontratuari. Agerraldi batean azaldu zuenez, iaz «futbol profesionala uztea» erabaki zuen.

36 urterekin, bere ibilbidearekin zer egin behar duen pentsatu beharra dauka. «Futbola utzi edo lanean jarraitu, ez dut argi. Etxera joateko gogoa dut, hilabete bat oporretan emateko eta gorputzak zer eskatzen didan ikusteko», esan zuen. Balenziaga Athleticetik joan zen aurreko denboraldian, klub zuri-gorrian hamabi urte eman eta oroitzapen handia utzi ondoren. «Pribilegioa izan da», azpimarratu zuen agur-ekitaldian. M.A.