GARA Euskal Herriko egunkaria
ZEGAMA-AIZKORRI LASTERKETAKO TXAPELDUNORDEA
Interview
Malen Osa
Mendi korrikalaria

«Hamargarren kilometrotik irribarrea ahotik ezin kenduta aritu nintzen»

Pasa den igandeko emozio eta tentsio guztiak zertxobait baretuta, erdi-gaixorik topatu dugu Malen Osa (Oñati, 2002), baina era berean «oso pozik», bere Zegama-Aizkorri maratoiko lehen parte-hartzean lortu duen bigarren postuarekin. Askoren lehenengoa izatea espero du.

(Roger SALANOVA - Igor QUIJANO | ZEGAMA-AIZKORRI ANTOLAKUNTZA)

 

«Helburu bakarra disfrutatzea zen», azaldu du Malen Osak NAIZ Irratian, Zegama-Aizkorrin bigarren postua lortu eta egun gutxira. Bere lehen parte-hartzea zen, eta ez zuen inondik inora espero horrelakorik, emaitza «barneratzen» dabil oraindik ere. Ikaragarri gozatu zuela adierazi du, baina uneren batean sufritu ere bai, «lasterketako lehen kilometroetan, batez ere». Herrenka amaitu zuen lasterketa oñatiarrak, baina hobeto duela baieztatu digu. Gertuko jende asko izan zuen inguruan Osak ibilbide osoan zehar, «jendearekin flipatu» egin zuen oñatiarrak. «Zegama is Zegama» esan ohi da askotan, baina Osaren hitzetan, «bizitu arte ezin daiteke hori ulertu».

Lehen parte hartzea Zegama-Aizkorrin eta bigarren postua. Hori ezin du jende askok esan.

Ez, egia esan amets bat izan zen. Nire estreinako Zegama-Aizkorri egitera nindoan eta helburu bakarra zen disfrutatzea eta ingurukoekin ondo pasatzea. Aurreikuspen guztiak gainditu nituen eta egia esan, oso pozik nago.

Zer moduz belauna? Herrenka bukatu zenuen igandean...

Apur bat barneratzen nabil gertatutako guztia. Egia esan, belauna gero eta hobeto, ondo ari naiz deskantsatzen egun hauetan. Orain, tentsio dena jaitsi zaidala, erdi ondoezik nago, baina pozik.

Emozio askoko egunak ari dira izaten hauek, ezta?

Bai. Batez ere etxekoekin, argazki eta bideoak ikusten... Zaila da burua deskonektatzea. Nik berriz esango dut, pribilegiatu bat sentitzen naiz aukera hori eduki nuelako eta, gainera, eguna borobila izan zelako.

Aipatzen zenuen lasterketa bukatzean ez zenuela podiumean egotea espero. Ze aurreikuspen zenituen?

Panorama dezente aldatu zen aurkari gogor batzuk baja izan zirelako azken momentuan. Nik nire burua postu edo denboretatik apur bat kanpoan neukan hasieratik, beste lasterketa batzuetan ez dut disfrutatu lehiatzeaz niri gustatzen zaidan moduan, eta helburua horri buelta ematea zen. Lehendabiziko maratoia izanda, garrantzi gehiago ematen nion disfrutatzeari. Egia da kontziente nintzela oso ongi entrenatzetik nentorrela eta, gauzak ongi ateraz gero, zerbait polita lortu nezakeela. Baina hortik bigarren postu batera, salto bat dago [barrezka].

Lau ordu, 25 minutu eta 20 segundo. Erreferentziarik edo estimaziorik bazenuen?

Apur bat kalkulatzen nuen lau eta erdi inguru horretan ibiltzea. Egia esan pentsatuta geneuzkan partzialak oso ondo bete nituen Urbiara arte. Urbiatik aurrera, lehendabiziko maratoia izatearen ordaina jaso nuela-eta, minutu batzuk galdu nituen. Ez diot garrantzirik ematen, ze azken kilometroetaraino disfrutatu nuen, azken anoa-postutik irribarre batekin igaro nintzen, eta horri balore gehiago ematen diot bost-sei minutu galdu izanari baino. Gutxi gorabehera, denborari dagokionez, aurreikuspenak ongi bete ziren, eta are gehiago kontuan izanda zaila dela maratoi bat kudeatzea lehendabiziko aldiz.

Horrelakoetan disfrutatzearen eta sufritzearen arteko oreka bilatzea zaila izaten da.

Lasterketa hasiera izan zen nahiko txarra alde horretatik. Oso sentsazio eskasekin hasi nintzen, txapelketatik kanpo sentitzen nintzen. Kilometroak aurrera egin ahala, nire erritmoa hartzen hasi nintzen. 10. kilometrotik irribarrea aurpegitik ezin kenduta aritu nintzen, argazki eta bideo guztietan irribarrez nago, eta horrekin geratzen naiz.

Gertuko jende asko ere izango zenuen ibilbide osoan zehar. Honek asko laguntzen dio bati duen onena ematen, ezta?

Bai, zalantzarik gabe. Zegama-Aizkorri edonorentzat da berezia, edozeinek dauka zaletuen artean disfrutatzeko aukera, ze hau ez da beste inon topatzen. Atzerritarra den edozeinek nabarmentzen du hori. Eta bertakoentzat are bereziagoa da. Hainbeste ezagun, hainbeste gertuko jendek beti ematen du hauspo gehiago korrika egiteko. Jendearekin flipatu egin nuen. Bizi arte ez duzu ulertuko zer den Zegama, eta zorteduna sentitzen naiz aukera hori eduki nuelako.

Non sufritu zenuen gehien, eta non gozatu?

Hasiera hori izan zen okerrena, lehendabiziko bost-sei kilometroak agonia bat izan ziren, ez nuelako topatzen nire lekua. Hortik aurrera dena aldatu zen, eta ez dakit aukeratu dezakedan momentu kuttunenik. Baina lehendabiziko zaletuak bistaratzen dituzunean Sancti Spiritun, oraindik gainera indartsu zaude, une horrek ez dauka parekorik. Helmuga ere asko disfrutatu nuen, oso polita izan zen eta etxekoak bertan egon ziren. Helmugako oso oroitzapen politak ditut.

Lasterketa amaitu osteko adierazpenetan aipatzen zenuen ametsa beti izango dela Zegama-Aizkorri irabaztea. Anbiziorik ez zaizu falta!

Mundu horretan eta maila horretan gabiltzan korrikalari guztion ametsa izan ahal da Zegama-Aizkorri moduko maratoi bat irabaztea. Hor daukat helburu hori. Ez dakit hurrengo urtean edo hemendik hamar urtera izango den. Ez nuen espero horrelako estreinaldia, eta ez daukat emaitza hobetzeko tarte askorik [barrezka]. Zalantzarik gabe, irabaztea da helburua, eta ea laster gertatzen den.

Lasterketaren aurreko egunak nola pasa zenituen?

Asteburu osoa izaten da oso berezia. Jende asko egoten da. Nerbio aldetik, normalean baino gehiago edo desberdinak izan nituen, beste panorama batean jokatzen nuelako. Uste baino askoz hobeto kudeatu nituen eta alde horretatik ere oso pozik nago, ez delako samurra emozio horiek guztiak kudeatzea.

Nola ikusi duzu zure burua distantzia honetan?

Nik banekien gustura egingo nuen distantzia bat izango zela. Gustatzen zait luze entrenatzea eta kilometroak egitea mendian. Ez da berdina txapelketa batean egin edo txapelketatik kanpo, beraz, uste dut lan asko daukadala egiteko arlo horretan. Esan dezaket oso ondo kudeatu nuela lehendabiziko aldi honetan.

Alderdi psikologikoa nola moldatu zenuen?

Ez zitzaidan inondik inora ere gogorra egin bukaerako txanpa hori. Zaletuek indar handia ematen dute. Momentu bakar batean ere ez zitzaidan bola egin; ez nuen arazorik eduki.

Esaldi aski ezaguna dugu «Zegama Zegama da». Zure esperientzia pertsonaletik nola deskribatuko zenuke?

Benetan bizi arte ez dakizu horrek zer esan nahi duen. Aurreikuspenak altu nituen, baina guztiak gainditu zituen. Ez dauka izenik pasio horren erditik aurrera egiteak. Zoragarria da.

Honen atzetik gehiago etorriko al dira?

Bai, nahi dut Zegama urteroko hitzordua bilakatzea. Ahalik eta gehien egongo naiz bertan, eta ea urtetik urtera hobetzen joaten naizen, edo behintzat aurten bezainbeste disfrutatzen dudan. Uste dut maila oso altu jarri dudala. Nire helburua askotan gozatzea izaten da eta aurten bezainbeste gozatzea zaila izango da.

Zein hitzordu dituzu orain?

Egun batzuk lasai emango ditut, ondo errekuperatzen nahi dut zentratu. Ondoren, abuztu erdialdean Golden Trail Seriesean segituko dut, Polonian daukadan lasterketarekin. Eta Espainia aldean egingo dut beste lasterketaren bat dortsala jartzeko. Hiru bat hilabetean entrenamenduan zentratu, hobetzen jarraitu eta gero Golden Trailean dena emateko.