GARA Euskal Herriko egunkaria

Hil egin da Sestaon lan istripua izan zuen 29 urteko iturgina


Laneko beste heriotza baten berri eman zuten atzo ELAk eta LABek. 29 urteko langilea da hildakoa, iturgina, eta joan zen maiatzaren 16an izan zuen ezbeharraren ondorioz zendu da.

Behargina iturgin lanetan ari zen Sestaoko etxe batean eta leiho batetik barruko patiora erori zen. Zauri larriak izan zituen, eta horien ondorioz maiatzaren 27an hil zen. Sirkus Sistema de Tiendas SL enpresak azpikontratatuta zegoen, eta Sirkus enpresa Leroy Merlinek azpikontratatuta zuen.

ELA eta LABen kontaketaren arabera, 2024an dagoeneko 27 langile hil dira Euskal Herrian lan istripu baten ondorioz; horietatik hiru langile autonomoak ziren.

ELAk salatu zuenez, azpikontratazioak «prebentzioa eta segurtasuna kaltetzen ditu». Laneko heriotza hau salatzeko elkarretaratzera deituko dute datozen egunotan Sestaon bertan.

LABek ere «azpikontratazio kate luzeak hil egiten duela» salatu zuen: «Langileak dira beren bizitzarekin multinazionalen etekin aseezinak ordaintzen dituztenak».

Sestaokoa aste honetan hil den bigarren langilea da; maiatzaren 27an iragan astean Bergarako Embalan3 enpresan istripua izan zuen behargina hil zen.