GARA Euskal Herriko egunkaria
HIMALAIA

Welfringer eta Duboulozek bide berri bat sortu dute Hungchi mendian

Maiatzaren 17tik 19ra, frantziar hauek Tibet eta Nepal artean dagoen zazpimilako horren mendebaldeko aurpegian “Le cavalier sans tête” ireki zuten estilo alpinoan. Alpinistok muturreko jaitsiera egin zuten.

Symon Welfringer, sokaburu, izotz tentea duen sekzio batean. (DUBOULOZ-WELFRINGER-MILLET)

Estatu frantziarreko alpinismoak ez du etenik, eta horren isla dira belaunaldi berriak etxeko zein kanpoko mendietan egiten ari diren jarduera ikusgarriak. Ekarpen handikoak, alegia. Symon Welfringer eta Charles Duboulozek, adibidez, lekukoa hartu eta berriki erakutsi dute sasoi ikaragarria dutela. Himalaian izan dira; hain zuzen ere, oso ezezaguna den Hungchi mendian (7.025 m). Zazpimilako horren mendebaldeko aurpegian “Le cavalier sans tête” bidea sortu dute estilo alpinoan. Konpromisoa, zailtasuna… Denetarik izan du Nepal eta Tibet artean kokatuta dagoen mendi horretan eginiko lanak. Maiatzaren 17tik 19ra, 1.700 metroko ibilbide berria igo zuten.

Instagramen bitartez, frantziarrok soilik iragarri zuten Himalaiara abiatu behar zirela eta espedizio hori Mathurin Vauthier argazkilariarekin partekatuko zutela. Hungchi menditik jaitsi zirenean, ordea, lehen azalpenak ematen hasi ziren. Zazpimilako hori ez zen lehen helburua, baizik eta Gyanchung Kang (7.952 m). Hots, Everest eta Cho Oyu artean dagoen munduko hamabosgarren mendi garaiena. Erronka handia zuten esku artean; izan ere, mendi horrek hamar igoera baino gutxiago ditu. Espedizio japoniar baten eskutik, 1964. urtean, lehena iritsi zen. Kanpaleku nagusia 5.060 metrora antolatu zuten Ngozumpa glaziarraren eskuin aldean. Nepalgo glaziar handiena da, Cho Oyun hasi eta Gokyon amaitzen dena.

Girora egokitzeko fasean izotz-jauziak aztertzen izan ziren. Egoera hori argitu nahi zuten, besteak beste, mendebaldeko aurpegian helburu zehatz bat finkatu zutelako. Ondo hausnartu eta gero, bi alpinistok erronka hori alde batera utzi zuten. Duboulozek dio hainbat faktorek eraman zutela erabaki hori hartzera: «Batetik, Gyachung Kang-era heltzea oso zorrotza zen. Bestetik, izotz-jauziak oso nahasiak ziren eta horietan jarduteko denbora gehiago behar genuen. Hirugarrenik, Symonek bronkitis gogorra izan zuen; ia biriketako edema bat. Eta azkenik, klima txarrak eragina izan zuen. Gyachung Kang mendian ekinaldi on bat egiteko, astebeteko leiho on bat behar genuen. Eta iragarpenak oso ezkorrak ziren».

Welfringer osatzen ari zen bitartean, Duboulozek aklimatazio fasearekin jarraitu zuen. Hungchiko bide klasikoan 6.200 metrora arte heldu zen. Hiru egun bakarrik egon ondoren, kanpaleku nagusira itzultzeko erabakia hartu zuen. Bien bitartean, bere kidea mendebaldeko horma aztertzen aritu zen, eta marra erakargarri bat ikusi zuen.

Hasierako plana baztertu eta gero, motibazioak eta frustrazioa borrokan izan ziren. Azken irteera horretatik, Dubouloz pixka bat nekatuta zegoen eta Welfringer ez zegoen %100ean. Baina hala moduzko leiho on bat iragarri zieten, eta motibazio handiarekin Hungchiko mendebaldeko hormara abiatu ziren.

HIRU EGUN

Gyachung Kang ez bezala, Hungchi hurbilago zuten. Horrez gain, murru bikaina da: oso tentea eta estetikoa. Bazuen beste eite erakargarri bat: azken hogei urteotan soilik hiru igoera izan ditu.

Motibazioa berreskuratuta, bi protagonistok lanean hasi ziren. Lehen eskalada egunean, adibidez, 1.300 metro gainditu zituzten. Eskalada luzea egitera behartuta egon ziren: izan ere, tarte horretan ez zuten bibaka egiteko leku aproposik aurkitu. Lehena, 6.600 metrora egin zuten: «Igo genituen aldatsak oso tenteak ziren, eta denda leku bitxi batean altxatu genuen. Nahiz eta egun luzea izan zen, onartu behar dugu biribila izan zela. Luze ederrak gainditzeaz gain, haizerik gabeko eguraldi eguzkitsua izan zen».

Astindu hori hartu ondoren, Welfringer eta Duboulozek erabaki zuten atseden egun bat hartzea. Biharamunean, berriz, gailurrera abiatu ziren. Duboulozen 35. urteurrena zen, baina benetako oparia oraindik ehunka metrora zuten. Azken 400 metroek asko eskatu zieten. Welfringer ez zegoen topera, eta sekzio hori gainditu eta gailurrera heltzeko sei ordu behar izan zituzten. Teknikoki ez zen tarte zaila, baina urratsa zabaltzeak asko eskatu zien.

Ordu biak zirela, bi alpinistok Hungchiko kota garaiena erdietsi zuten. Pozarren ziren gailurrean, baina, eguraldia oso azkar aldatu zenez, ez zuten denbora galtzeko astirik eta jaisten hasi ziren. Japoniarren bide klasikoa aukeratu zuten. Zoritxarrez, erabaki hori ez zen oso “zuzena” izan, besteak beste, zazpi kilometroko ertz nahasian eta puskatuan sartu behar baitziren.

Alde guztietatik begiratuta, jaitsiera epikoa izan zen. 6.700 metrora bibaka egin zuten. Oso hunkituta zeuden, eta eguraldia erabat okertu zen. Dendan zirela, elur asko eta haizete bolada gogorrak izan zituzten. Gaua ez zen batere ona izan. Welfringer oraindik ez zegoen erabat osatuta eta, gainera, dendaren makila bat eta oihala puskatu ziren.

Eguna esnatu zenean, klima ez zen lasaitu. Elurra ari zuen. Baina jaitsierarekin jarraitzeko borondatea ez zen apaldu. Gainera, biharamuneko iragarpenak are txarragoak ziren. Bai ala bai kanpaleku nagusira jaitsi behar zuten. Arinago joateko, eginiko bibak horretan denda utzi zuten. Arriskua eta konpromisoa biderkatu ziren. Beste bibaka egiteko tresneriarik ez zuten. Ikuspena ere oso txikia zen; soilik bi metrokoa.

Ertz luze horren punturik zorrotzenera iritsi ziren. Hainbat aukera aztertu eta gero, bi frantziarrok ekialdeko horman 700 metro rappelatzea erabaki zuten. Hain zuzen ere, sekzio hori ez da inoiz ikusi eta argazkietan dokumentatu. Ukitu gabeko alderdi batean sartu ziren. 700 metro horiek tenteak ziren, eta rappel guztiak “abalakov” teknikaren bitartez egin zituzten: «Zorionez eta ezustekorik gabe, elurrezko korridore eroso batera heldu ginen. Ia arrisku guztiak atzean utzi genituen; gogoratu nahi dugu tentsio handia bizi izan genuela eginiko ia hamabost rappeletan. Isuri ezezagun hori jaistea erabaki genuen, eta argi dugu erabaki zuzena izan zela».

Hormaren oinarrira iritsi ziren, eta kanpaleku nagusira heltzeko beste bi kilometro oinez egin zituzten. Hiru orduko ibilaldia izan zen! Welfringer eta Duboulozek onartu dute muturreko jaitsiera horretan den-dena eman zutela eta pozarren daudela esplorazioa emaitza bikainarekin amaitu zelako.

Amaitzeko, alpinistok aurreratu dute sortutako “Le cavalier sans tête” ibilbidearen zailtasunaren inguruan ez dutela aipamenik egingo: «Horrela erabaki dugu. Zifren inguruan ez dugu ezer esango; gainera, Himalaian hori egiteak ez du zentzurik. Ageriko bide eder batean aurpegia eman nahi genuen. Eta uste dugu hori egin dugula. Igoera alpinoa izan da, eta jaitsiera, berriz, esplorazioan oinarritua».