Imanol CARRILLO
DONOSTIA
BERA BERA, LIGAKO TXAPELDUN

Bera Bera Orkestra Sinfonikoak hirugarren instrumentua gehitu du

Super Amara Bera Berak Liga eskuratu zuen atzo, Elxen, denboraldi bikainari agur esateko; Iberiar Superkopa eta «etxeko» Kopa ere irabazi baititu aurten. Donostiarrek agur goxoa egin ahal izan zieten taldea utziko duten zenbait jokalariri: Maddi Aalla -partidatzarra berea- eta Alice Fernandes atezainak, Mariane Fernandes, Malena Cavo, June Loidi, Emma Boada eta Lydia Blanco.

Alba Menendez Super Amara Bera Berako kapitaina, garaikurra altxatzen taldekideak ospatzen daudela.
Alba Menendez Super Amara Bera Berako kapitaina, garaikurra altxatzen taldekideak ospatzen daudela. (AGENCIA LOF)

2023ko irailaren 9a: Iberiar Superkopa. 2024ko maiatzaren 12a: Kopa. 2024ko ekainaren 1a: Liga. Super Amara Bera Beraren denboraldia hiru lorpen hauekin laburbildu liteke. Baina ez. Saria, garaipena, txapeldun izatea atzetik egiten den lan gogor eta handi baten emaitza besterik ez da. Eta horretan, donostiarrak hiru aldiz dira merezitako txapeldun. Hurrengo orrialdeko publizitatea erreferentzia bezala hartuta, esan dezakegu Super Amara Bera Berak Orkestra Sinfoniko bat bezala funtzionatu duela sasoi honetan eta, tripletea lortuta, beste hiru instrumentu bereganatu dituela etorkizunean musika ederra egiten jarraitzeko.

Gauzak nola diren. Iaz, Bera Berak lider bezala amaitu zuen liga erregularra, 22 partidetan 19 garaipen, berdinketa bat eta bi porrot eskuratuz. Baina ondoren, play-offetan, finalerdietan geratu zen kanporatuta Elx atzoko aurkariaren aurka. Aurten, ordea, donostiarrek hirugarren amaitu dute lehen fasea, 16 garaipen, lau berdinketa eta bi porrotekin. Baina, iaz ez bezala, aurten, momentu garrantzitsuenetan bere benetako maila ematen jakin dute. Hortxe dago adibidea: Superkopan penaltietan irabazi bazuten ere, “etxeko” Kopan aurkarien gainetik pasa ziren eta orain Ligan gauza bera egin dute. Iazko arantza kentzea lortu dute, eta nola!

Gainera, etapa bikain baten amaiera izan daitekeela esan liteke. Izan ere, jakina da taldeko zenbait jokalarik ez dutela datorren denboraldian Donostian jarraituko: Maddi Aalla -Gorlizkoak sekulako partida egin zuen eta bere azken geldiketak luzapena ekidin zuen- eta Alice Silva atezainekin hasi, Mariane Fernandes brasildarra eta Malena Cavo argentinarrekin jarraituz, eta June Loidi elgoibartarra, Emma Boada katalana eta Lydia Blanco kantabriarrarekin amaituz.

Jokalari batek, bere ibilbidean zehar agur hoberik ez luke izango. Hauek guztiek euren profesionaltasuna erakutsi dute pistan eta lasai asko esango dute agur.

ELX, EZER EZ GALTZEKO

Atzoko neurketan Bera Berak abantaila zuen, joanekoan, etxean, 30-26 irabazi baitzuen. Hala ere, sistema berri honekin, lau goleko errenta horrek ez zuen beste urteetan izan zezakeen indarra. Izan ere, Elxek irabazi izan balu -berdin zuen zenbateko abantailarekin-, luzapena behartuko zukeen.

Donostiarrak horren jakitun ziren eta NAIZ Irratirako egindako elkarrizketa batean Maitane Etxeberriak inor baino ederkiago laburbildu zuen taldea zein sentsaziorekin abiatu zen Elxera: «Ez goaz lasai, baina bai lasaitasun puntu batekin, galduz gero, luzapena baitugu».

Ezer galtzeko ez zuena Elx zen. EHF European Cup irabaztetik zetorren eta taldeak historia egiten jarraitu nahi zuen dobletea lortuz, klubean hamar urte pasa dituen Ekaterina Zhukova bezalako jokalariari agur esateko. Eta lehen zatian oso nabaria izan zen egoera hori pistan. Super Amara Bera Berak, oso arraroa bada ere, baloi ugari galdu zituen -bost lehen zatian-, eta Mariane Fernandes ez zen oso fin ibili jaurtiketetan. Egia da brasildarrak 0-2koa ipini zuela goltzar batekin bere taldea pasiboarekin jokatzen ari zenean, baina minutuak aurrera egin ahala, ez zen hain fin ibili. Eskerrak atean Maddi Aallak bost geldiketa egin zituen lehenengo ordu erdian bere taldeari eusteko. Eta adi bizkaitarraren bigarren zatiari.

Baina lehen zatian, orokorrean, Elx hobeto aritu zen. Arrazoi nagusiak bi izan ziren: Danila Patricia So Delgado -5 gol egin zituen lehen ordu erdian- eta Nicole Morales atezaina -9 geldiketekin-. Katalanak era guztietan atera zuen baloia, Bera Berako jokalariak desesperatzera helduz (atsedenaldira 15-11 iritsi ziren).

ORKESTRAREN AFINAZIOA

Bigarren zatian emozioak borborka aritu ziren alde batera eta bestera. Imanol Alvarezek minutuak eman nahi izan zizkion atean taldea utziko duen Alice Silvari. Baina atzokoan protagonistak beste bi atezainak izan ziren. Elxen, Nicole Moralesek sekulako lana egin zuen donostiarren golak saihesteko, eta 14 geldiketekin amaitu zuen norgehiagoka.

Talde gipuzkoarrak, ordea, ez zuen amore eman, eta eskerrak. Carmen Arroyok oso ondo eutsi zion taldeari, penaltiz lau gol sartuta (23-20), eta tartean Bera Berak 0-7ko partzial bat sinatu zuen markagailuari buelta emateko (23-25).

Orduan iritsi ziren denboraldiko azken partidako minuturik onenak, edo emozio gehienekoak behintzat. Super Amara Bera Bera utziko duten jokalariek ez zuten hutsik egin golarekin. Mariane Fernandesek, adibidez, azkenean asmatu egin zuen ate aurrean; Lydia Blancok ere zapore gozoarekin esan nahi izan zion agur klubari -23-24koa eta 23-25ekoa bereak izan ziren, adibidez-.

Taldea utzi ez, baina Maitane Etxeberria, Alba Menendez, Lyndie Tchaptchet -7 gol sartu zituen nafarrak-, Anne Erauskin, Elke Karsten, Esther Arrojeria, Laura Hernandez edo Giuliana Gavilan bezalako jokalariek ere euren zigilua eta esfortzua utzi zuten, gehienbat Pipy Wolfs aurkariak 26-26 eta 27-27koa egin zituenean.

Imanol Alvarez orkestrako zuzendariak dena ondo prestatu, jokalariek ondo afinatu eta Elxen azken jaurtiketan, ia denbora agortuta, musika ederrena jo zuen Maddi Aallak, historian geratuko den sekulako geldiketa eginda. Zorionak!