Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Molotov gogoan!

Sasoian sasoikoa, eta ekainak bere bata ekartzeaz batera, bainu denboraldia hasi! Baina kontuz, marmokak zelatan daude-eta! Zizt! Total, aurten ere, berriro ere, hondartzetako hareek eguzkitan egoteko berezkoa daukaten eskubidea zapaldua izango dute; ortozik dabiltzanek zapaldua! Kolpea, gero! Ez, ez da garai ona eskubideak eskubide izateko; gehiago da eskuetara ailegatzeko… Bake bidezkoaren izenean bada ere. Azken batez, bakea ondorioa da…

Non nintzen ni? A, bai! Kezkatuta nagoela, Elizarekin kezkatuta egon ere, katolikoarekin jakina, prefostia! Pedro gizajoa gogoan, lehenengo eliza hura oinarritzeko goitik agindutako harri hura, hareharria seguruenik, higatua da dagoeneko, arrakalatua, harea hondartzan, ustez klima aldaketak eragindako sitsak hartua. Amen! Biblia, zer zinen eta zer zaren! Non geratu da merkatariak tenplutik botatzeko agindu hura? Bada, gaur egungo komentuetan arima adina dotrina. Horra klaratarren zisma! Lidergo berria hautatu ei dute horiek, zein eta apezpiku eskumikatua! Eta hori gutxi ez eta horren albokoa, botileroa kasu honetan, nor eta tabernariak taberna koktelak prestatzen ibilitakoa! Ama, ama birjina! Ez dakit zer duten koktelek, baina ezusteko bideak zabaltzen dituztela baietz, Jainkoarren! Molotov hura gogoan! Kapaz dira moja horiek sobietarra erreferente hartzeko paradisu berrian! Tira, ni ere aurreko bizitzan kokteletan ibili nintzen, tabernak itxita zeudela, baina gerora norabidea behintzat mantendu dut. Botoa ematera noa eta guzti noa datorren astean!

Dena ari da aldatzen, eta ez bakarrik komentuetan. Ohartu gara dena dela aldagai, eta aldakor. Geroa ez dela idatzita. Palestina, ibaitik itsasorako Estatu, onartua ari da izaten. Erabaki batzuk berandu datoz iraganari begira, baina beti sasoiz geroari begira. Han eta hemen.