Jon GARMENDIA
Idazlea

Ikaztoia

Goizuetako txundargileak” aurkitu ditut Sarako lezeetan, txondorra pizten, egur meta bat egur ikatza egiteko xedez. Pollo, Elizegi anaiak, Iratxe, Luis, Joseba Apezetxea... Aspaldiko lagunak, sorterriko oroitzapenak eta usainak nigan, etxean banengo bezala.

Haien gidari, Andoni Etxenike. Txikia zelarik aitarekin piztua zuen txondorra, eta bere maisu lanei esker ia galtzekotan den ondare kultural hau suspertze bidean dago anitz maite dudan Nafarroako herri horretan.

Bikaina da osatu duten taldea, haien hizkera gozo horretan azalpenak eta kontakizunak historia eta mitologiaren parte bilakatzen dira, gure euskaltasunaren ispilu eder bat osatuz. Urumeako bailaran burdinolak zeudela eta ikatza behar zela... Memorian atzendu zaigun gertakari bat aitzineko lerrora ekarria.

Xole Mariluzi ikasi diot Saran ere egiten zela horrelakorik garai batean, galdu egin zela ofizioa, baita izena ere. Kontatu dit Xareta partean ez zitzaiola txondorra deitzen, baizik eta “ikaztoia”, hori berari Mixel Urbistondok irakatsi ziola eta zendutako saratar horrek parada izan zuela goizuetarrekin ikaztoia pizteko.

Indartu dadila izena bezala pizturik irauteko oroimena. Gaztainondo, pago, haritz, lizar eta ezpelaren ke usain artean Aldudeko lagunak aipatu dit han ere bazirela txondorrak, bertsotan ari zen ikazkin baten historia agertu diot nik, baina zuei, hurrengo idatzian kontatuko dizuet.