Surflari Ernegatua

Olinpiar Jokoetako txapelketa, Teahupoon

Laster Teahupoora itzuliko dira munduko surflari onenetakoak, baina ez ohituta gauden WSLko formatuan lehiatzera, Olinpiar Jokoetako irizpideek agintzen duten formatuan lehiatzera baizik. Edonola ere, eta formatua edozein dela ere, Tahitiko ezker olatua mendean hartzeko munduko olatu zail eta arriskutsuenetako bat dela ikusi dugu azken egunetan. Neskek sekulako maila erakutsi zuten eta mutilek adina ikusle izan zituzten interneteko emanaldietan. Itzelezko pausoa egin dute eta nesken maila beste koska bat igo dute, baina lehiakide guztiak Teahupoori edozein baldintzatan aurre egiteko prest ez daudela ere agerian geratu zen.

Lehiakide batzuek ezkutatu ezin duten beldurra erakusten dute, nesken zein mutilen kategorian, eta hori ikusleentzat erakargarria da, lehen mailan diren surflariak haien mugak gainditzera bultzatzen baititu. Urtebeteko atsedena hartu duen Filipe Toledok, esaterako, sekulako kritikak jaso zituen Teahupoon ez lehiatzeko hautua egin zuenean, WSLko munduko titulua olatu txikietako garaipenei esker eskuratu izana egotzi baitzioten. Oso presio handia izaten da halako txapelketetan.

Olinpiar Jokoetako surf txapelketa Tehaupoon egingo da. Frantziak ezustean harrapatu zituen txapelketa hori egiteko hautagaitza aurkeztu zuten Lacanau, Hossegor eta Biarritzeko ordezkariak, baina Parisen hartzen diren erabakien aurrean men egitera ohituta daudenez ez zuten zarata handiegirik atera kaltetuek.

Surflari tahitiarrekin urrezko dominak irabazteko aukera handiagoa dutelako hautatu omen zuen Teahupoo Frantziak. Nik ez dut uste, erabaki politikoa izan zela uste dut, baina azken txapelketa ikusi ostean argi geratu da, nesken kategorian, olatu handiak daudenean, Frantziaren ordezkari Vahine Fierro polinesiarra beste lehiakideen gainetik dagoela. Mutilen kategorian zailagoa izango da, baina egia da Kauli Vaast bertako surflaria Frantziako selekzioan izanda aukera handiagoa dutela, Frantziak ez baitu ohiko baldintzetan brasildarrekin, australiarrekin edo estatubatuarrekin lehiatzeko moduko surflaririk.

Gauzak horrela, txapelketa olinpikoa gerturatu ahala ikusmina handitzen doa eta niri halakoetan sortzen zaizkidan sentimendu kontrajarriak areagotzen zaizkit, euskal selekzioak lehiatzeko eskubiderik gabe jarraitzen baitu. Aitzitik, hiru euskal herritar izango dira, baina Espainia ordezkatzen: zumaiar bat, zarauztar bat eta hendaiar bat.