GARA Euskal Herriko egunkaria

Bakegileen aurka SNCFk abian emandako auzia urriaren 7ra pausatu dute


2022ko uztailaren 23an Bake Bideak eta Bakegileek bultzaturiko blokeo egunean izandako galerak estaltzeko, kalte-ordainak eskatu zituen SNCF konpainiak Tarnos parean trenbidea moztu zuten bederatzi ekintzaileen aurka.

Hainbat gibeleratzeren ondotik, prozedura ekainaren 3rako finkatu zen. Alta, atzo arratsaldean Bake Bideak baieztatu zuenez, auzia heldu den urriaren 7ra pausatua izan da.

Oroitzearren, 2022ko uztailaren 23an, kartzela zigor luzeak jaso zituzten euskal presoen egoera desblokeatzeko, desobedientzia zibil ekimen zabala gauzatu zen Ipar Euskal Herrian.

Protesta horren barnean, Baionatik gertu, Tarnos inguruan, trenbidea moztu zuten bederatzi herritarrek. Pertsona horiek atxilotu eta Landetan komisariara eraman zituzten. Horren ondoren, Akizeko auzitegian epaitu zituzten 2022ko abenduaren 14an. Sententzia 2023ko urtarrilean iritsi zen: epaitegiak isun sinbolikoa ezarri zien ekintzaileei.

Alta, airean geratu zen kalte-ordainen atala. Bederatzi herritar horiei 168.000 euroko kalte-ordaina eskatu zien, hasieratik, SNCFk, hainbat tren zerbitzu bertan behera utzi behar izan zituenez bidaiariei sorturiko kaltea ordaintzeko.

Bakegileen aurkako auzietan, argi geratu zen, ordea, kalteak saihesteko lan eskema proposatu zutela antolatzaileek, hainbat eragilerekin -tartean Merkataritza eta Industria Ganbera- bilerak eta mezu trukaketa erraztu zituztela.

Era berean, SNCFren aldetik ez zutela erantzunik jaso baieztatu zuten epailearen aurrean.

Urriaren 7ra arte akordioa erdiesteko epea badute bi aldeek.