GARA Euskal Herriko egunkaria
ATHLETIC

Garazi Muruak «botak oinordetuko» ditu denboraldi amaieran

Lezamara 15 urterekin heldu ondoren, Athleticeko kapitainak hamarkada bat eman du lehen taldean, tarte horretan Liga bat irabaziz. San Mamesen amaituko du bere ibilbide profesionala, Athleticek eta Sevillak ekainaren 16an jokatuko duten partidan.

Garazi Muruak 14 urte eman ditu Lezaman, horietako hamar Athleticen lehen taldean. (ATHLETIC CLUB)

Ez ditu botak eskegiko, «oinordetu egiten» direlako, berak adierazi duen bezala, baina Garazi Muruak futbola utziko du denboraldi amaieran. 29 urte besterik ez dituen arren, Athleticeko kapitainak bere ibilbideari amaiera ematea erabaki du. Eta agurra ezin bereziagoa izango da, azken partida San Mamesen jokatuko baitu ekainaren 16an; Ligako azken jardunaldian Athleticek eta Sevillak lehiatuko dutena, hain zuzen ere.

Muruak Bizkerren eman zizkion lehen ostikoak baloiari, baina 15 urte besterik ez zituela heldu zen Lezamara, Athleticen filialean jokatzeko. Eta Estatu Batuetako East Tennessee State Universityn eman zuen denboraldia izan ezik, bertan egin du bere ibilbide osoa. Bide emankorra, behintzat lesioek erasan dioten arte.

178 partida jokatu ditu getxoztarrak lehen taldean eman dituen denboraldietan, azkenak kapitain besokoarekin, Juanlu Fuentesen eskutik lehen taldean 2015ean debutatu ondoren. Hurrengo denboraldia izan zuen bere bideko onena, Athleticek ospatu duen Ligako azken tituluan eragin zuzena izan baitzuen, partida guztiak jokatu baitzituen atzelariak. Maila gorenean mantendu zen hurrengo denboraldietan, baina denbora pasa ahala belaunaldi berrien bultzadari aurre egin behar izan dio eta, batez ere, are okerrago, azkenaldian arazo fisikoak izan ditu aurkari nagusi. Hernia diskal batek 2023an ebakuntza-gelara eraman zuen eta partida bakar bat jokatzea eragotzi zion urte eta erdiz. Pasa den urtarrilean alta hartu zuen, baina oraindik ez du minuturik izan zelai gainean.

Zuri-gorri amorratua, euskararen erabileraren sustatzailea, Zuzenbidean eta Ekonomian lizentziaduna, Murua oso inplikatuta egon da beti futbolarien eskubideen eta berdintasunaren defentsan eta, momentuz ezer aurreratu ez badu ere, baliteke etorkizunean bide hori jorratzea.

«Kalean, eskolan, herriko taldean... Garai batean neska eta emakumeentzat pentsaezina zen horrekin egiten nuen amets, bizi-bizi. Gure aitzindariek zabaldu zizkiguten ateak, oztopoak gorabehera. Segituan ikusi nuen gure errealitatea oso bestelakoa izango zela, baina etxeko taldean Lehen mailan jokatzea posible zela sinetsia nuen, beste batzuek erakutsi zidatelako bidea», esan zuen Muruak Athleticen sare sozialen bidez zabaldutako bideoan.

«Nire ametsik ederrenetan ere ez nuen imajinatuko bizi izan dudana. 14 urtez Athleticen, 10 denboraldi Lehen mailan, Txapeldunen Liga jokatzea, Liga titulu bat irabaztea. Hemen hasi eta hezi naiz, garaipenak ospatu ditugu eta une gogorretan negar egin dugu», gaineratu zuen. «Zorionekoa ni, ibilbide honetan zehar izan ditudan bidelagun paregabeengatik. Egiari zor, badu xarma berezi bat gizarte aldaketa sakon baten parte izateak, emakumeen eta berdintasunaren aldeko borroka zelaitik kanpo bultzatzeak, bai guk bai ondorengo belaunaldiek kirol parekideago batez gozatzeko. Aitortza berezia merezi dute zentzu honetan gure zaleek, beraien babesik gabe emakumezkoen kirolaren bilakaera ez baitzen posible izango», azpimarratu zuen.

«Nire futbol ibilbide profesionala hemen bukatzen da, beste emakume gazte kementsuek hartuz nire lekukoa. Sinistu ametsetan, izan gobernaezina. Botak ez dira eskegitzen, oinordetu egiten dira. Ni hareazko marraren bestaldean, harmailan, izango nauzue bidelagun, jendartean», amaitu du.

ERRELEBOA

Gaztea den arren, Muruaren agurra Athleticen azken urteotan izaten ari den belaunaldi arteko erreleboan koka daiteke. Talde zuri-gorria Liga Fko hirugarren gazteena izatera eraman duen aldaketa sakonak abiadura bizia hartu du getxoztarraren taldekidea izandako Iraia Iturregi 2021eko urtarrilean aulkira heldu zenetik.

Ikusi besterik ez dago: Iturregik bere kargua hartu zuenean lehen taldea osatzen zuten 23 futbolarietatik zortzik besterik ez dute jarraitzen Athleticen; horietatik bi (Uriarte, Amaia Peña) utzita daude, eta beste lauren artean (Eunate , Unzue, Yulema eta Murua bera), arrazoi desberdinengatik, guztira 34 minutu besterik ez dituzte jokatu aurten.

Aitzitik, amaitzear dagoen denboraldi honetan elastiko zuri-gorria jantzi duten jokalarien artean, zazpi daude -ia taldearen herena- 2021eko urtarril hartan lehen taldearekin debutatu ere egin ez zutenak. Eta horietatik sei (Pinedo, Zubieta, Mariana, Elexpuru, Sara Ortega eta Landaluze) David Aznarrek gehien erabili duen hamaikakoan daude.