A.E.
BILBO

Zinegoak jaialdiak Clarisa Navasen klase eta genero ikuspegidun zinema sarituko du

Zinegoak Bilboko LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen jaialdiak atzo adierazi zuen Clarisa Navas zuzendari argentinarrak jasoko duela aurtengo Ohorezko Saria. Navas zuzendari, gidoilari, ekoizle, irakasle eta idazlea da, eta klase eta genero ikuspegidun zinema garatzen du, pasioz eta konbentzimenduz.

Clarisa Navas zinemagilea.
Clarisa Navas zinemagilea. (ZINEGOAK)

Zinegoak jaialdiko zuzendariak, Alaitz Arenzanak, atzo azpimarratu zuen bezala, sari honekin Navasen lana aitortu nahi izan dute, sorkuntza kolektiboko prozesuak bultzatzen dituelako eraldaketarako motor eta palanka gisa: «Orainaldiko eta etorkizuneko erreferentzia bat da -aipatu zuen-. Zinema eta mundua ulertzeko modu bat, espazio bizigarriagoak bizitzeko aukera ematen diguna, nahiz eta gogorrak eta bortitzak izaten jarraitu, baina izateko eta egoteko beste modu batzuk erakusten dizkiguna. Zinegoaketik bere lan artistikoa eskertu eta gure sari nagusiarekin duen konpromiso politiko eta soziala aitortu nahi dugu».

Gaztea den arren, ibilbide oparoa du Navasen. Dokumentalak eta fikziozko bi film luze ditu, esaterako, “Hoy partido a las 3” eta “Las mil y una”. Azken honek, 2020an, Berlinaleko Panorama sailaren inaugurazioan eskaini zen. Sortzaile polifazetikoa, ENERC Esperimentazio eta Errealizazio Zinematografikoko Eskola Nazionalean irakaslea, proiektuak garatzeko ABC BAFICI saila zuzentzen du. Hunkituta agertu zen atzo Zinegoakek emandako aitorpenarekin: «Neke handia sentitzen dugu, egunero aurre egin behar diogulako borrokaren bati. Hori dela eta, zaila da pentsatzea nola jarraitu zinema egiten, edo zer leku izan dezakeen film batek gaur egungo testuinguruan, herrialdearen gehiengoak gosea pairatzen duenean», esan zuen.

Ekainaren 24an Arriaga antzokian egingo den inaugurazio ekitaldian Ohorezko Saria jasoko du Navasek, eta bezperan, 18.30ean, Bilborocken, solasaldi bat izango da Irantzu Varela kazetari feministarekin. Navasen hiru lan, bi film labur eta film luze bat ere proiektatuko dituzte. Ekainaren 25ean, BilbaoArten, “Las mil y una” ikusgai izango da.