GARA Euskal Herriko egunkaria

Aurreakordioa Gipuzkoako hondartzetako sorosleen hitzarmenean


ELAk eta CCOOk aurreakordioa sinatu dute Gipuzkoako hondartzetako sorosleen hitzarmenean. Sektoreak duen lehen hitzarmena izango litzateke, eta %37,48rainoko soldata igoerak jasoko lituzke.

Ohar batean sindikatuok azaldu dutenez, hitzarmenak 2024-2028 arteko indarraldia izango du, eta Gipuzkoako titulartasun publikoko kirol instalazioen hitzarmenarekin lan baldintzak parekatzeko «aurrerapauso esanguratsuak» izango ditu.

«Besteak beste, soldatetan parekotasuna lortu da, zehazki, %37,48rainoko soldata igoerak izango dituzte sorosleek. Hurrengo urteetan %2,75eko igoerak izango dituzte. Horren ostean, urte horietan KPIak izan dituen igoerekin eguneratuko dira, erosteko ahalmena bermatu ahal izateko», dio ELAk.

Lanaldiari dagokionez, urtean 1.695 ordu lan egiten jarraituko dute, orain arte moduan, baina lanorduko prezioa parekatuta.

Ultraktibitatea ere arautzen du. «Horrela, hitzartutakoa betetzen dela ziurtatzen da, eta 2028an sinatu ezean, egungo hitzarmenaren aplikazioa ziurtatuta dago hurrengo urteetan», dio ELAk. Lehen eta bigarren urteetako sorosleen arteko bereizketa kendu da eta garraio plusa ere bermatzen da.