GARA Euskal Herriko egunkaria

Musikaren haragiak


Akabuan, generoen haragiak. Normalean taberna jakin batzuetan doan banatzen den ‘‘Mondo Sonoro’’ aldizkariaren maiatzeko alea eskuratu nuen. Atzetik aurrera pasatu nizkion orriak musika aldizkariari. Nahiz eta arrapalada bizian eman lehen begirada, datu bat geratu zitzaidan memoria ez-fotografikoan, orrien laurdenak iragarkiak zituen, eta horien bi heren baino gehiago musika jaialdiek ordaindutako potera-amuak ziren entzuleak erakartzeko.

Disko fisikoaren salmenten beheranzko joeraren ifrentzua da jaialdien loraldia. Lehen, taldeen diskoak eta birak iragartzea ohikoa zen; egun, jaialdi mastodonte eta txikienek aldizkaria erabiltzen dute egitarauak erakusteko. Txibiak nola poterara, berdin doaz entzuleak maratoi-jaialdi neketsuetara. Ikusirik zer lilura dion txibiak poterari, halakoa izango die jendetzak musika-jaialdiei. Egitarau oso bati ezin zaio jarraitu, izango dira interesguneak musikatik kanpo, jaialdia jai bilakatuta.

Garrantzi handia du egitarauetan emakumeen presentziak, agertoki gainean izan edo behean. Hainbat antolatzailek kontuan izaten dute emakumeen batezbestekoa. «Asko gustatzen zait hainbeste neska jendaurrean ikustea, jaialdiaren egitarauan dauden apurrengatik konpentsatuz» bota zuen Niña Polaka taldeko Claudia Zuazok Toledoko jaialdi batean, eta antolatzaileek muturra okertu zuten.