Arnaitz GORRITI
SASKIBALOIA

«Errotzen» eta «sendotzen» ari da Gipuzkoa Basket

ACB Ligarako Lauko Finalera ez sailkatuta ere, «urterik dibertigarriena» izan zuela aitortu zuen Nuñez presidenteak. «Ilusioa» azpimarratu zuen “Xubik”.

Mikel Odriozolak Donostian segituko du.
Mikel Odriozolak Donostian segituko du. (Andoni CANELLADA | FOKU)

«Urterik dibertigarriena», «erroak botatzen hasteko urtea», «kluba zer-nolakoa den kantxan ikusi den urtea», «proiekturik gipuzkoarrena errotzen joan den urtea»... Halako hitz loriatsuekin bataiatu zuten atzo Gipuzkoa Basketen 2023/24 denboraldia Nacho Nuñez presidenteak eta Jose Luis Zubizarreta “Xubi” kirol arduradunak. «8ko nota jarriko nioke taldeak egin duenari; Lauko Finalera iritsi izan bagina, 9koa zatekeen nota hori; ACB Ligara igoz gero, 10ekoa», laburbildu zuen “Xubik”. Nolanahi, taldea «sendoago» ikusi zuten batak zein besteak etorkizunera begira.

«Taldeak bere izaera erakutsi du kantxan. Serioa bere lanean, irabazten zaila, eta era berean, joko erakargarria egin duena. Jendea Illunbera -Angulas Aginaga Arena pabiloira- erakartzea lortu du. Ez zen erraza iaz egindakoa errepikatzea -Lauko Finalera iritsi ziren donostiarrak-, hainbat jokalarik ezin zutelako hemen jarraitu eskaintza hobeak zituztelako. Baina jokalari horien hutsunea nola bete dugun aintzat hartuta, pozik eta harro egoteko modukoa da», azpimarratu zuen Gipuzkoa Basketeko kirol zuzendariak.

Presidentearen hitzetan, aurten «3.500 bazkide» izatera iritsi da kluba, pare bat urte lehenago «erdia inguru» zirelarik. Oraindik orain, helburu behinena ez da, nonbait, Gipuzkoa Basket ACB Ligara igotzea, «arima gipuzkoar» hori «errotzea» baino, gaineratu zuten biek aho batez.

«Agian ez dugu 2,10 metroko gipuzkoarrik fitxatu ahal izango hurrengo urteetan, baina aukera dugularik, Gipuzkoako jokalarien aldeko hautua egingo dugu, baina betiere kantxan jartzeko. Hau da, ez kantxan jartzen ditugula esateko, baizik eta beraiengan sinesten dugulako eta, zaleekin batera, taldearen poz eta penak elkarrekin bizitzea nahiko genukeelako», azaldu zuen, bestalde, Zubizarretak.

Uneotan, uda luzeari begira, Manex Ansorregi eta Aitor Zubizarreta jokalariek eta Mikel Odriozola entrenatzaileak bakarrik dute kontratua. «Zaila izango da guztiak hemen geratzea, baina ahaleginduko gara», adierazi zuten berdin kirol zuzendariak hala presidenteak.

Entrenatzaileari buruz, Odriozolaren alde ez zuen zalantzarik egin “Xubik”. «Ez da bakarrik Gipuzkoan sorturiko entrenatzailea, Donostia inguruan sortu diren jokalari erdiak entrenatu dituena baino. Ez dago hoberik», bota zuen.

«Hauxe izan da presidente naizenetik gehien dibertitu naizen urtea», esanda amaitu zuen Nuñez presidenteak.