Maria DEL RIO
Zuzenbidean doktorea
JOPUNTUA

Ez hain urrun

Aurreko astean irratian eskatu zidaten labur azaltzea zer nolako eragina duten Europako hauteskundeek nire hirian. Aitortu behar dut ez zela bat-bateko galdera erraza izan. Baina deigarria da, nola aste bakar batean Bilboko deialdiei erreparatuta, erantzun bat ematea ez dela horren konplexua.

Atzo Indautxuko auzoan elkarretaratze bat egin zen bertan gertatutako eraso homofobo bat salatzeko. Jarrera horien kontra egitea Europako hauteskundeetan erabakitzen da. Badakigu eskuin muturra arrisku erreala dela oraingoan, eta urteetako lanari eta borrokari esker lortutako eskubide asko arriskuan egon daitezkeela. LGTBI pertsonak gorroto mezuen eta eskuin muturraren politiken biktimak dira, eta indarkeria LGTBIfobikoa areagotzea ez da kasualitatea.

Atzo arratsaldean ere Ibarrekolandan eta San Inazion auzotar elkarteek deituriko manifestazio bat izan zen, bi hiri lantegik sortzen duten kutsadurak eragindako kezkagatik. Hori ere Europako hauteskundeetan erabakitzen da. Izan ere, Europako erabakiek ingurumen legerian erabakigarriak dira. Hauteskunde hauetan larrialdi klimatikoari aurre egitea lehentasuna izango den ala ez erabakiko da, aurrera edo atzera egitea jokoan dago. Eta jarraitzea dugu, atzo, ordu berean, Gure Eskuren deialdia egon zen, eta, noski, hori ere Europako hauteskundeetan erabakitzen da; Europan herrien ordezkaritza ere jokoan egongo delako, baita autodeterminazio eskubidea ere. Azkenik, bihar, hauteskundeen bezperan, manifestazio batera deituta dagoela, Europak Palestinako genozidioaren konplize ezin duela izan aldarrikatzeko. Gogoeta eguna aprobetxatuko da bakearen inguruan hausnartzeko; testuinguru belizista batean, ezin aproposagoa.

Europan erabakitzen denaren zerrenda luzea da: ekonomia politikak −gogora dezagun austeritate politiken inpaktua−, migrazio politikak, lehen sektorea... Europarlamentua urrun dagoela iruditu arren, han hartutako erabakik gure eguneroko bizitzan eta etorkizuneko itxaropenetan eragin handia dute. Hortaz, igande honetan asko dago jokoan.