GARA Euskal Herriko egunkaria

Etxea partekatzen dutenen soldataren %21 alokairura doa


Araba, Bizkai eta Gipuzkoan etxea partekatzen dutenek 483 euro bideratu zituzten batez beste logelaren alokairua ordaintzera, Nafarroan baino 9 euro gehiago. Adituek ohartarazten dute etxebizitza partekatzea dela herritar askorentzat formula bakarra, baina prezioen bilakaerak kezka dakar.

Azken urtean Hego Euskal Herrian etxebizitza partekatu zuten herritarrek soldataren %21 baino gehiago erabili behar izan zuten logelaren alokairua ordaintzeko, Fotocasa higiezinen atariak eta Infojobs enplegu plataformak jakinarazi zutenez.

Txostenaren arabera, EAEn, alokatzeko gela baten batez besteko prezioa 483 eurokoa izan zen, eta batez besteko soldata 27.431 eurokoa (2.286 euro gordin hilean, hamabi ordainsaritan). Nafarroan, logelak 474 euroan alokatu ziren batez beste, eta soldatak 26.471 euro gordinekoak izan ziren urtean (hilean 2.206 euro gordin hamabi ordainsaritan).

Fotocasako bozeramaile Maria Matosen arabera, «laster etxebizitza partekatu batean gela bat alokatzeak aukera bideragarri izateari utziko dio». Gogorarazi zuen «etxebizitza oso bat alokatzeak soldataren %43 eskatzen duela» eta, ondorioz, «duela zazpi urtetik gutxienez ez dela eskuragarria».