GARA Euskal Herriko egunkaria

Gabriel Erkorekaren disko monografikoa atera du Euskadiko Orkestrak

Euskadiko Orkestrak Gabriel Erkorekaren hiru obra jasotzen dituen diskoa argitaratu du. Asier Polo biolontxelo jotzailea, Carlos Mena kontratenorra eta Alfonso Gomez piano-jotzailea izan ditu bidelagun; eta Juanjo Mena izan dute zuzendari lanetan. Finlandiako Ondine diskoetxearekin argitaratu dute lana.

Atzo aurkeztu zuten Gabriel Erkorekaren disko berria Donostian. (Jon URBE ı FOKU)

 

Euskadiko Orkestrak Gabriel Erkoreka konpositore bilbotarraren disko monografikoa argitaratu du, atzo aurkeztu zuen Donostian. Hiru obra biltzen ditu diskoak, eta Asier Polo, Carlos Mena eta Alfonso Gomezek interpretatu dituzte beraien instrumentuekin lan hauek, Juanjo Menaren zuzendaritzapean.

Prentsaren aurrean egindako aurkezpenean, Oriol Roch Euskadiko Orkestrako zuzendaria pozarren agertu zen argitaratutako lanarekin. Cello Concerto “Ekaitza”, Tres Sonetos de Michelangelo eta Piano Concerto “Piscis” lanak izan dira grabatuak, eta lotura ematen diona izan da «kontzertu forman» grabatuak izan direla. Lehenengo obran Asier Polo biolontxelo burua izan da; Alfonso Gomez, berriz, pianorako “Piscis” kontzertuarena; eta Carlos Mena Tres Sonetos Para Michelangelo lanarena.

Oriolek azaldu zuen «erronka» handia izan dela disko berri hau argitaratzea. 2020an izan zuen ideiak abiapuntua, eta urteetako lana izan da, musikari guztien agendetan tartea hartzea ez baita erraza izan. Gaineratu zuen ez zegoela «B planik», bai ala bai izan behar zuela Erkorekak proposatutako interpreteekin.

Euskadiko Orkestrak Finlandiako Ondine diskoetxearekin egiten duen laugarren grabazioa da atzo aurkeztutakoa. Eta oso pozik agertu ziren, euskal kultura mundura zabaltzeko eginkizuna izan dezakeelako munduko diskoetxeekin lan egiteak, Orkestrako kideen arabera.

ILUSIOA ETA LANA

Proiektuaren musika-zuzendaritzaz Gasteizko Juanjo Mena zuzendaria arduratu zen, eta azaldu zuenez, «plazer bat» izan da lan horretan parte hartzea, «gogo eta interes askorekin egin dugu guztiok lan, eta dudarik gabe musika honen erdigunea Erkoreka bera izan da, eta sumatzen da».

Erkoreka konpositoreak diskoa «ilusioz» egindako lanaren emaitza dela azaldu zuen, «hiru bakarlari hauek, lagunak izateaz gain, musikari bikainak dira». Adierazi zuen diskoan hiru obra jasotzen direla, eta bakoitza garai ezberdin batean konposatu zuela. Tres Sonetos de Michelangelo 2009an, “Ekaitza” 2012an; eta 2021 eta 2022 bitarte konposatu zuen “Piscis”.

Azaldu zuen norbanakoa eta kolektiboa elkartzea izan dela obren asmo nagusia, bizitzaren «isla» izatea nahi izan duela nabarmendu zuen: «Batzuetan bakarrik sentitzen gara munduaren aurka, edo ez horren bakarrik, lan honetan bezala, lagun onez inguratuta egon bainaiz». Uste du egun euskal musikak dituen hiru ardatzak josten asmatu dutela argitaratu berri duten lanarekin, «interpretazioa, zuzendaritza eta sorkuntza».

Gomez piano-jotzailearen iritziz, «bisio arriskatu bezain garrantzitsua» izan du Euskadiko Orkestrak lan hau argitaratzearekin. Mena zuzendariaren lan egiteko modua txalotu zuen: «Zuzentzeko modu malgua eta humanoa du». Eta diskoak Erkorekaren errepertorio «koloretsua eta tinbreei dagokienez anitza» duela gaineratu zuen.

URTEETAKO LANA DISKO BAKARREAN

Mena kontratenorrak “emozioa” hitza aipatu zuen; izan ere, bere ustez hori izan zen musikari guztiak batu zituena. Berak lan honetarako Erkorekak lehenengo idatzitako obra interpretatu zuen; 2009an ere interpretatu zuen, eta ia hamabost urte igaro ostean berriro interpretatzea «ohorea» izan dela aitortu zuen. Izan ere, bere bizitza zein bere musika ibilbidea aldatu dela eta hori islatuta ikusi daitekeela gaineratu zuen: «Interprete moduan, zorte bat da obra hauek jotzea, katarsi batean sentiarazten zaituzte».