GARA Euskal Herriko egunkaria
E9-KO HAUTESKUNDEEN OSTEAN

Ezkerreko indarren arteko aliantza: zenbat buru, hainbat aburu

2022ko boza legegileen karietara, Herri Batasun Ekologista eta Sozialista izeneko aliantza eratu zuen egun Herri Frontea berpiztekotan den frantziar ezkerrak. Alta, Nupes delakoak ateak itxi zizkion fronte zabala eratzeari, Hexagonoko zenbait herritan ezker subiranistak ordezkatzen duen eremua aitortuz. RNk igandean eman zuen atzaparkadak orain ausardia gehiagoz jokatzea aginduko luke.

(Geoffroy VAN DER HASSELT | AFP)

Herri Batasun Ekologista eta Sozial (Nupes) aliantza eratu zenean, 2022ko Maiatzaren Lehenean, giro berezia sortu zen Estatu frantsesean. Akordio horrek Emmanuel Macronek ezarritako gidoia irauli egin zuen, neurri handi batean. Hauteskunde legegileak Presidentetzarako lehiaren ondoren kokatuz, erabateko gehiengoa erraz lortuko zuelakoan zen agintari liberala.

Jean-Luc Melenchonen alderdiak (LFI) eta gainbehera zegoen Alderdi Sozialistako buru berriak Olivier Faurek bestelakoa erabaki zuten. Ekologisten eta komunisten ekarpena mespretxatu gabe, hamarkadetan sakondutako amildegia ixteko bidean ezinbesteko urratsa egin zuten aipaturiko bi alderdi horiek.

Hautesleriak ez zuen huts egin. Herritarren bultzadapean, bi itzulien sistemak ezartzen duen hesia higatzeko gaitasuna erakutsi zuen ezkerreko batasun berriak.

Hala, gehiengo presidentzialari Asanblea Nazionaleko erabateko kontrola kendu (246 eserleku lortu zituzten Macronen aldekoek) eta bigarren talde bezala agertu zen Nupes, 142 diputatu erdietsirik.

Bi talde nagusi horien atzetik, hirugarren postuan heldu zen 89 eserleku eskuratu zituen Batasun Nazionala (RN).

Bi urteko ibilbide malkartsuak hainbat irakaspen utzi ditu. Zenbat buru, hainbat aburu, lidergotza korala sustatzeko asmoak haize berria ekarri ordez zailtasun nabarmenak sortu dizkio aliantzari.

Kalkulu akatsa, agian. Hedabideen sistemaren bidez ordu oro sustatzen den diskurtso menderatzaileari urradura txikiak egin badizkio ere, barne zauriak askoz larriagoak bilakatu dira Nupesentzat.

BOLLOREN ERRESUMA

Hedabide frantsesen erregea izateaz gain, Europa mailako eduki sortzaile nagusietarikoa den Vincent Bollorek pilatu duen botereak sektore zehatz bat hankaz gora ezarri eta adierazpen askatasuna eta zentzu zabalagoan berdintasunaren eremua murriztu ditu.

Adibide bat ematearren, hilabeteak dira telebista platoetako iritzi emaileek agindu dutela Palestinaren sarraskia salatzen duen oro «juduen etsai» gisara behar dela irudikatua izan.

Asanblea Nazionaleko presidenteak, Yaël Braun-Pivetek, bere aldetik, iritzi bakarrarekin bat eginez, palestinar bandera atera zuen Sebatien Delogu diputatu intsumisoa kanporatu egin zuen hemiziklotik. Prefeturek beraiek mobilizazioak debekatzeko Barne Ministerioak emandako ahalmenak baliatu dituzte, eta han eta hemen Polizia oldartu da Gazako genozidioa salatzen duten herritarren aurka.

Atal ezberdinetatik, autoritatearen balore bakarra ohorean jarriz, Bollorek duen helburua elikatu dute. Bere ametsa zein da? Stablishment errepublikarrean toki egitea etxekotutako RN horri.

Eliseoan gobernatzen duen Macron liberalaren belarrian xurxulatzen duen aberatsen artean aberatsa den enpresburu ultrakatolikoak ondoko hedabideen kontrola hartu du azken urtetan: Canal+, CNews eta C8 telebista kateak; Europe 1, Virgin Radio eta RFM irratiak; eta ‘Le Journal de Dimanche’, ‘Paris Match’, ‘Capital’ eta ‘Voici’ eta ‘Gala’ (azken biak prentsa arrosaren zelaian kokatzen dira) idatzizko hedabideak.

Oihu eta algara artean, pozez zoratzen hartu zituzten ezkertiarren belaunaldi berriek, astelehen gauean Parisen, ahuntzaren gauerdiko eztula ez den adostasun printzipioa. «Gazteriak Fronte Nazionala kakazten du» (‘La jeunesse emmerde le Front National’, frantsesez) leloa biralizatu da plazetan zein sareetan.

Jean-Marie Le Penek 1988ko Presidentetzako bozetan emaitza historikoa egin zuenean, ‘Bérurier noir’ musika taldeak aipaturiko salaketa sartu zuen bere abesti batean. Mezu horrekin afixak erakutsi zituzten, RNren garaipenari lehen erantzuna emanez, Parisko akordioa jakinarazi baino lehenago, Baionan, ehunka eta ehunka lagun bildu zuen mobilizazioan.

Bestalde, ‘Libération’ kazetak atzoko alean exijentziaz beteriko izenburua eskaini zion ekainaren 30ean iraganen den boz legegileen lehen itzulian hautesbarruti guztietan hautagaitza partekatzeko xedea duen ezkertiarren eta ekologisten arteko konpromisoari: «Faire le Front Populaire» («Herri Frontea egin»).

ALDARRIKATU BAINO EGIN BEHAR DIRELA FRONTEAK

aditzera ematen du portadak. Kontua ez delako hainbeste bilduma epikoaren bertsio digitala irudikatzea, esperantzaren aldeko borrokarako euskarri eraginkorrak proposatzea baizik.

Iragan hurbilean, badira urte bi, Paristik ekarritako zapata-orkoia baliatu zuten, neurri handi batean, hautagaitzak osatzeko, Ipar Euskal Herria barne den Pirinio Atlantikoen departamenduan.

Biarno eta Zuberoako zein Nafarroa Behereko hainbat herrik osatzen duten laugarren hautesbarrutian baizik ez zuen emaitza ekarri hanka motz geratu zen operazioak.

Ozta-ozta bere eselerkua lortu zuen Iñaki Echaniz diputatu sozialista biarnesak bere bidea egin du geroztik, eta lurraldearen auzia ekuazioan sartzeko malgutasuna -hala etxebizitzaren arazoari buruz, nola azterketak euskaraz egiteko eskubidearen defentsan- erakutsi du.

Aparraren gainean ibili zen ezker hexagonalaren tokiko ordezkariek kolpea ez zuten asmatu, ez Lapurdiko kosta barnebiltzen duen seigarren hautesbarrutian, ez eta Baiona bere barnean hartzen duen bosgarrenean ere.

Egun amildegiaren ertzean dagoen gehiengo presidentzialeko hautagai bik, Florence Lasserrek eta Vincent Bruk, eraman zuten partida.

Bide batez esanda, Baionan eskuin muturra gailendu izanak Europako bozetan alerta are ozenagoa sortu du. Beldurrean kulunkatu baino, sakoneko maparen bilakaerari so egitea komeni da, ordea.

Ezker subiranistak barnealdeko herri txikietatik populazio kopuru handiagoa biltzen duten eskualdetara zabaldu du bere eragina azken hamarkadan Ipar Euskal Herrian.

Harrabots handirik egin gabe, eskuin fosildua erakundeetatik zokoratu eta herri bozetan plaza berriak eskuratu ditu. Herri fronteak ez zaizkie arrotz abertzaleei. Ez alajaina.

Ekologistak, sozialistak, abertzaleak, sindikalistak, edota kultur eta sozial aktoreak, nor bere neurrian, tokiko berezitasunak aintzat hartuz, Urruñan, Ziburun, Biriatun edo Itsasun udal gobernu aurrerakoiak osatzea posible egin zuen kolaborazio dinamikaren partaide izan ziren.

Lehenagotik ere Uztaritzen eta Hiriburun su txikian egositako errezetak haien herrietara egokitu zituzten espanturik gabe, 2020ko bozetan, urrutira joan gabe Baigorrin ere.

FRONTE TXIKIAK BEZAIN HANDIAK HARRIZ HARRI ERAIKI

dituzte euskal ezkertiarrek eta ekologistek.

Besterik ez bada emaitzak ekarri dituelako, Ipar Euskal Herrian, udal mailan, baita hainbat lurralde borroka aitzinatzeko orduan ere, aniztasunetik lan egiteko molde horrek aitortza merezi luke.

Dagoeneko, aliantza hexagonaleko kide batek, Europe-Ecologie-Berdeak alderdiak agiria plazaratu du «Ipar Euskal Herriko ezkertiar eta ekologista guztiak» aterpetzeko gai izanen den etxe amankomuna eraikitzeko deia eginez.

Norberak han eta hemen duen eragina zintzotasunez neurtz gero, urgentziak agindutako erantzuna antolatzeak posible behar luke, hiru aste barru jokatuko diren eta inoiz baino erabakigarriagoak izan daitezkeen Asanblea Nazionalerako bozetara begira.

Aukerak zabalik daude, eta pluralean deklinatzen dira.

«Ipar Euskal Herriko emaitzak deskubritzean, tristeki ohartu gara eskuin muturrak herri eta hiri anitzetan sartzea lortu duela. Atzo pentsaezina zitzaiguna gertatu da», adierazi du, biharko ezohiko biltzar nagusira deitu duen Euskal Herria Baik.

Ezkerreko lehen indarra izanik, subiranistak gerriko gorria jantzirik aterako dira frontoira. Handik aurrera, tantoz tanto, eta tentuz tentu, jokatu beharko dute negoziaketarako betarik bada. Borondatea, kemena eta, oroz gainetik, urrutira begiratzeko argitasuna ezinbesteko aldagaiak dira ezkerrarentzat, Parisen bezala, Euskal Herrian ere.