GARA Euskal Herriko egunkaria

EAEko Hezkuntza Legearen aukerak aztertu ditu Hik Hasik

«EAEko Hezkuntza Legearen aukerak baliatu behar ditugu, euskal hezkuntza sistema propioa lortzeko bidean», adierazi zuten Hik Hasikoek atzo, haien proposamena aurkezteaz batera.

Hik Hasiren agerraldiaren irudi bat. (Jon URBE | FOKU)

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan onartutako Hezkuntza Legeak jasotakoak aztertu ditu Hik Hasik, eta «euskal hezkuntza propioa lortzeko» bidean kokatzen ahalegindu dela adierazi zuen, atzo, ‘‘EAEko Hezkuntza Legea. Biharamunerako koordenatuak’’ liburua aurkezteko Hernanin egindako agerraldian.

«Legeak zer aukera eskaintzen dituen gako horiek garatzeko, zer bide irekitzen dituen, zer muga egon daitezkeen eta muga horiek nola gainditu daitezkeen» jaso dute liburuan, aurkezpenean azaldutakoaren arabera.

‘‘Hezkuntza Proposamena’’-ren talaiatik begiratuta egin dute ariketa, eta, horri dagokionez, zehaztu zuten lege berri bat ateratzea «ez zela aukera bat, baizik eta ezinbesteko urratsa euskal hezkuntza etorkizunera begira jarri nahi bada».

2017an Hik Hasik aurkeztu zuen ‘‘Hezkuntza Proposamena’’’ dokumentua izan dute abiapuntu; bertan euskal hezkuntza hobetzeko 10 gako jaso zituzten, eta horiek 2024ko legearekin lotu dituzte.

Ainhoa Azpirotz Hik Hasiko eragiletza arduraduna izan da liburuaren koordinatzailea. Lau atal nagusitan banatu dute liburua, eta atal bakoitzean legeak esaten duena aztertu dute: «Esperientziak bildu ditugu eta aurrera begira legearen garapenean zein norabidetan sakondu beharko litzatekeen baloratu dugu».

Liburuaren aurkezpena EAEko Hezkuntza Legearen balorazioa egiteko ere baliatu zuten: «Lege ausartagoa behar genuen, irmoagoa, euskaldunagoa, sozialagoa eta inklusiboagoa. Denontzat eta denona izango den euskal hezkuntza sistema nahi dugu, publikoa eta komunitario bateratzailea, anitza, parte hartzailea eta inklusiboa; gure gizartearen aniztasuna kontuan izango duena», adierazi zuten agerraldian.

Argitaratu berri duten liburuak bide horretan «akuilu eta hausnarketarako tresna» izatea nahi duela esan zuen Hik Hasik. Eta batez ere, aukerak baliatzeko deia egin zuten, «denontzat eta denona izango den euskal hezkuntza sistema propiorantz joateko».