JUN. 13 2024 GAURKOA Iparragirre Urkiolan Gontzal MENDIBIL Abeslaria Gaur lako egun batez, 1854. urteko sanantoniotan, Urkiolako belardietan milaka ikusleren aurrean abestu zituen Iparragirrek bere kanturik mitikoenak, “Gazte gaztetatikan”, “Gernikako Arbola”... Gure bihotz barrenean betirako itsatsita geratu diren gertakizun aipagarrien jabe izan baitzen urretxuarra, bizipenez jantzitako izaera bitxia duen horietakoa. Bidaiari amorratua, ipurtarina; joan-etorriaren ibilera geldiezinak zerabilkion izpiritu hegalaria. Bere bizitzaren joan-etorriek inbentzioa izan zitekeenaren itxura dute. Gertatu barik norbaitek idatzi izan balu, zaila zitzaigukeen hori egia izan zitekeenik sinestea./ Gazte gaztetatikan herritik kanpora/ Etxetik aldentzea zen bere patua, bizipen edo paradisu berrien bila beti, joan beharraren premia eta joan ahala herrimina, bere gaitzik handiena eta saminik gordinena. Deserriratutako gizona genuen Iparragirre. Bitoriano Gandiagaren «nahiaren edari gordin heldu ezinez egina» edota Kartzakorta idazle bizkaitarrak zioen arabera, «etxetik atera ondoren ikusten da etxeko edertasuna». Europan zehar urteetan ibili ondoren «egun batean pobre, beste batez jaun», 1848an, Europa osoan eragin zuten Herrien Udaberrien iraultza erromantiko eta anaitasunezkoan hartu zuen parte. Gernikako haritza, frantses iraultzaileen artean, «Askatasun Zuhaitzen Ama» kontsideratzen zen. Eta hala bazen, zergatik ez ba kantatu berorrek irudikatzen duen askatasunari? Bolbora, gorroto eta higuinkeriaren ordez, iraultza kantu eta zuhaitzen esanahien bidez egin liteke. “Herrien Udaberria” deitua izan zen herrien anaitasunezko festa hura. Hizkuntza eta nazioen gainetik. Herriak anaiak dira guretzat, eta tiranoak, etsaiak. Eta hantxe, giro bizi hartan, gitarra lagun eta bihotz sentiberaren taupadaz, sortu zituen “Gernikako Arbola” kantu mitikoaren lehen notak. Sortu zituen kantuak ibileraren eta sentipenen kronikak ditugu. Herriaren buru-bihotzetan uztartuak izan direnak. Herri hizkeraren indarra eta arima bereganatzen eta kanporatzen jakin izan zuen Iparragirrek. Eta ez du galdu gaurkotasunik −Euskaldun on guztiak laurak batean, betiko bakean... ez dugu nahi gerrarik anaien artean edota zabaldu bedi anaitasuna, amoriozko kantuak, guzientzat du itzal ederra gure arbola santuak−. Iparragirreren gertakizun handien artean jarri behar dugu Urkiolan izandako kantaldi hura, zeren eta gerora egun hura erabakigarria izango baitzen bere bizitzaren norabidean. Iparragirreren kantuek bihotzak mugiarazi eta grinak sorrarazi zizkien Urkiolan zeuden 6.000 ikustentzunleri, “Gernikako Arbola” kantua entzutean, txapelak burutik jaso eta han belaunikatu ziren erromes guztiak. Arabatik Madrilgo gorteetarako zen diputatu nagusiak, Pedro Egañak, Urkiolan gertatukoaren berri azaldu zuen Madrilgo Gorteetan. Eta handik lasterrera gure kantariak bere bizitzako bigarren desterrua bizi izan zuen. Ez etortzeko gehiago probintzi honetara / orduan hartu nuen Santander aldera. «Gobernuak ondo egin zuen gizon hura bere herritik aldentzean, zeren eta bere sentimenduak bihotz onekoak eta ulerkorrak baziren ere, oso arriskutsuak izan zitezkeen», zioen Pedro Egaña diputatuak. Urte batzuk lehenago, Frantziako Toulusen “La Marsellesa” kantatzeagatik aldendu izan bazuten, oraingoan, Tolosan erabakiko zen bere erbesteratzea. Eta Iparragirreren patua horixe izan zen, batzuetan bere nahiez, besteetan halabeharrez. / Negar egingo luke nere amak baleki/ zenbat ostatu, zenbat amorio, zenbat kale-mendi eta herrialde pasa ote zituen? Batzuetan irri eta ezti eta besteetan gaitzaldi eta etsipenez beterik. Euskal Herriko hodeietan bere irudi erromantikoa geratu zaigu, maitatua eta lilurakorra. Nobela bizi eta eder askoren protagonista, akats eta bertute guztien euskal gizona. Zoro edo aitzindari, zozomiku edo ameslari, jakintsu edo miragarri. Euskal gizon antitetikoa esango du Willian Douglasek, baina Iparragirreren izaerak erakarpen berezia izan du euskaldun ororentzat. Berak lezioa ondo ikasia zuen. Gazte nintzelarik irakurri nion filosofo bati: «Alaitasunak ontasuna dakar; tiranoak oso serio eta formalak baitira». Nik ondo ikasia dut: goizetan harakinaren lagun naiz, eguerdietan apaizaren lapikoa dut gogoko eta gauean markes baten afari ondoan topatuko nauzu. Beraz, Iparragirrek San Antoniori ez zion andregairik eskatu beharrik izango, zeren «libre jaio denak libre bizi behar du» zioen. Baina ez zen izango dena ohorea eta loria bere bizitzan, noraeza eta egun larriak gehiago izan ziren. Urterik gehienak etxetik kanpo, eta etxekoengandik urrun egoteak sortu zion samina ez zen nolanahikoa. Hogei urte luzez, Amerikako belardi luzeak isilune bihurtzen zitzaizkion Iparragirreri. Arrosa arantza bihurtzen hasia zen eta sorterrirako itzulera desiratzen zuen. Tristezia latz eta astun batek irensten zizkion bere gogoak, atsekabea eta ezinegona sentitzen zituen arrotz ziren lur eremu haietan. Halaxe herriratu zen, eta ahalegin ugari egin arren, babes pobre baten limosnatxoa jaso zuen, ez sendiak ekartzeko adina. Eta han, bihotzaren urraduran, heriotzaren atarian madarikatu izango ditu goiak eta beheak eta bertako agintarien laguntza ustelak. Iparragirre ohorezko kantu galtze bat izan zen, bere lurrak eman ziezaiokeena badu. Eta gaur XXI. mende honetan, egiazko irudi librean joan doa eta etorri dator, nahi eta ezinezko herri honetan dabil, bizar eta guzti, geroaren aitzindari, euskal zeruan koplari. Euskara ardatz eta bizipen izan zuen bere ibilaldietan, Amerikan ia hogei urtez egon ondoren etxerako itzuleran, euskararen beherakada sentitu zuen bere zainetan eta gaur ere gogoan dugun honako hau idatzi zigun: «Ez bedi galdu euskera nere anai maiteak, galtzen badegu galduak gera gu eta gure semeak». Iparragirreren obra bere bizitzaren sinopsia dugu, eta bete gabeko itxaropenen artean, mitifikazioaren eta mistifikazioaren artean, orainak ez dezala bere memoria irentsi. Gaur ere gogoan dugun honako hau idatzi zigun: «Ez bedi galdu euskera nere anai anaia maiteak, galtzen badegu galduak gera gu eta gure semeak»