Iker IBARLUZEA
Meteorologoa
AZKEN PUNTUA

AMOC

AMOC edo, denok ulertzeko moduan, Golkoko korrontea, gurean daukagun klima epelaren erantzule nagusia da. Orain aste batzuk, korronte hau moztu edo ahuldu zitekeen aukeraren inguruan aritu nintzen, baina oraingo honetan, ikusirik aukerak asko igo direla, zer nolako ondorioak ekarriko lituzkeen aipatuko dut. Lehenik eta behin argi utzi behar da oraindik ezinezkoa dela jakitea zenbateko eragina izango duen. Ikerlari batzuek glaziazio hitza erabili dute; beste batzuek, aldiz, klimaren hozte progresiboa, baina mutur horretara iritsi gabe. Gauza bat, ordea, garbi dago: korronte honen ahultzearen aurrean ezin dela ezer egin eta urte gutxi barru bere ondorioak biziko ditugula.

Ondorio nagusia klimaren hozte nabarmena litzateke. Neguak orain dauzkagunak baino askoz gogorragoak lirateke eta udan bero boladak asko gutxituko ziren, edo desagertu. Gauden kokapenagatik, prezipitazioek ez lukete beherakada handirik izango, eta elurteak ziurtaturik geratuko lirateke. Honek uztetan aldaketa nabarmenak egitea ekarriko luke, ekonomikoki kalteak eraginez. Horri gehitu beharko litzaioke Europa iparraldeko migrazioa, goi-latitudeetan bizitzea zaila izango litzatekeelako. Hauek, noski, ondorio hipotetikoak dira. Orain bat-batean berotze globaletik glaziazio hitzera igaro gara. Hau da marka hau.