GARA Euskal Herriko egunkaria

Udalak Lakuaren esku utziko ditu ospitale publikoa eraikitzeko lurrak

Tolosako alkateak agerraldia egin zuen atzo, eskualdeko ospitale publiko berria eraikitzeko konpromisoa berretsi eta azken urratsen berri emateko. Lakuari beharrezko dokumentuak bidali dizkio Udalak, eta aurreratu zuen lurrak ere Osasun Sailaren esku utziko dituela.

Martinez de Rituerto alkateak agerraldia egin zuen, Tolosako Udalaren lana azaltzeko. (TOLOSAKO UDALA)

Tolosako Udalak agerraldia egin zuen atzo, eskualdean ospitale publikoa behar dutela aldarrikatzearren eta ospitale berria eraikitzeko «beren esku dagoena» egiteko konpromisoa berrestearren. Andu Martinez de Rituertok adierazi zuen ospitale berria eraikitzeko lurrak Osasun Sailaren esku uzteko prozedura administratiboa jarraitzen ari direla.

Iurramendi 24 eremuan ospitale berria egin ahal izateko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra egokitu eta Aldaketa Puntuala gauzatzeko txostenak eta baimenak eskuratzen dabil Tolosako Udala. Lakuako Ingurumen Sailari ingurumen agiri estrategikoa egiteko eskaera egin zion Udalak, eta, beharrezko txostenak osatu ondoren, dokumentazio osagarri guztia joan den asteartean igorri zion Tolosako Udalak Lakuari.

«Udalaren esku dagoena urratsez urrats betetzen ari gara», esan zuen Martinez de Rituertok, eta Osasun Sailak horren berri baduela baieztatu zuen. Hurrengo urratsen berri emateko baliatu zuen agerraldia, eta aipatu zuen, Lakuaren ingurumen agiri estrategikoa jaso ondoren, Udalak HAPOaren Aldaketa Puntualari hasierako onespena eman ahal izango diola eta jendaurreko entzunaldia zabalduko duela.

Jarraian, txosten sektorialak eskatu eta herritarrekin partekatu ostean, azken dokumentua osatuko du Udalak eta, Lakuako Lurralde Plangintza Sailak dokumentuari oniritzia eman ondoren, behin betiko onartu ahal izango du Udalak HAPOaren Aldaketa Puntuala, alkatearen arabera. «Aldaketa hori gauzatuta, Udalak Osasun Sailaren esku utziko ditu lurrak, eta ordutik aurrera ospitalea eraikitzeko aukera izango luke, dagokion proiektua idatzi eta gero», adierazi zuen alkateak.

ASUNCION KLINIKA

Martinez de Rituertok argitu zuen zergatik eskatu duen Asuncion Klinikaren publifikatzeko aukera aztertzea, Udala ospitale publikoa eraiki ahal izateko tramiteak egiten ari den artean: «Ez dugu publifikazio hori gauzatzea eskatu. Eskatu duguna da publifikatzeko aukera aztertzea. Osasun Sailak 25 milioi euro ordaintzen dizkio klinikari. Oraintxe bertan eraikinean berrikuntza handiak egiten ari dira, eta aldagai garrantzitsua da hori. Hortaz, eraikina berritu berritan, uste dut gutxienekoa dela balizko publifikazio baten aukera aztertzeko eskatzea».

Bere iritzia «milimetro bat bera ere» aldatu ez duela esanez amaitu zuen agerraldia alkateak, eta Osasun Sailari elkarlanean aritzeko prestutasuna azaldu zion: «Ospitale publikoarekin daukadan konpromisoa ez doa leku edo eraikin fisiko bati lotuta, zerbitzuari baizik. Osasun Sailak ez dezala hau ahaztu: erakunde publiko batek emandako kalitatezko zerbitzu publikoa da Tolosaldearentzat eskatzen ari garena».